Durangoko Azoka ez da bihar amaituko. Datorren astetik aurrera 'Zu Non, Han DA!' ekimena abiatuko dute azokaren antolatzaileek, Euskal Herriko hainbat liburudendetan barrena.
Astelehenean bertan iritsiko da ekimena Aiaraldera, Jon Artanoren eskutik. Kazetari eta idazle zestoarrak Juana liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin, eta lan hori aurkeztuko du Urduñako Mahor liburudendan, 18:30ean.
Tere Mujika bekaren bidez argitaratu du liburua Artanok. Juana Perea Plataren bizitza ikertu du kazetariak. 1937an Bilbotik ihesi Kolonbiara iritsitako familia batean jaio zen emakume hori, eta 2020an erahil zuten. Erahilketa horren nondik norakoak aztertu ditu Zestoako idazleak, Kolonbiara bidaiatuz, hilketaren dokumentazioa arakatuz eta lekukoekin mintzatuz, besteak beste.
Orotara, Euskal Herriko 88 liburudendek parte hartuko dute Durangoko Azokaren egitasmoan, abenduaren 11tik 20ra. Zirkuitu horren bidez, azokako nobedadeak emango dituzte ezagutzera, idazleekin aurkezpenak eginda. Urduñan astelehen honetan egingo dena izango da, beraz, zirkuituko lehenbiziko zitetako bat.