Eguzki plakak jarri nahi dituzte Artziniegako eskolako, udal pilotalekuko eta kiroldegiko sabaietan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 10a, 17:00
Arteko Gure Ama ikastetxean udan jarriko dituzte plakak.

Eskolako plakak jartzeko 36.700 euroko diru-laguntza jaso du Artziniegako Udalak Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta beste kokalekuetan ere instalazioa aurten bertan egin daitekeen aztertuko dute.

Udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko apustua egin nahi du aurten Artziniegako Udalak. Horretarako, 36.700 euroko diru-laguntza jaso berri du tokiko erakundeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren partetik. Diru horren bidez, Arteko Gure Ama hezkuntza zentroan jarriko dituzte panelak.

Udan egingo dituzte horretarako lanak, klaserik ez dagoela probestuz. Hala ere, harago joan nahiko luke tokiko erakundeak, beste kokaleku batzuetan (frontoian eta kiroldegian) ere mota horretako azpiegiturak aurten jarri daitezkeen aztertuz, "proiektu bakoitzaren proposamenak eta aprobetxamenduak aztertu ondoren".

2024rako udal aurrekontuak prest

Udalak abendu amaieran onartu zuen 2024rako aurrekontua, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 2.109.328 euro baliatuko ditu guztira tokiko erakundeak.

Nabarmendu dutenez, ez dute inbertsio berririk egitea aurreikusten, baina jada abian dauden hainbat obra amaitzea espero dute:

  • Kultur Etxearen eraberritzea
  • Arteko Landaren etxolen eraberritzea
  • Adinekoentzako eguneko arretarako zentro berria eraikitzen hastea
  • Bideak egokitzen jarraitzea
  • Luberriak ixtea
  • Argiztapen publikoa hobetzea
  • Uretaraino ur-hornidurako sare berriaren proiektuari ekitea
  • Arteko Gure Ama ikastetxeko eta haurreskolako patioan hobekuntzak egitea

Bestalde, partida berriak barnebildu dituzte plangintza ekonomikoak. Alde batetik, eskolako umeei arreta psikopedadogikoa emateko dirulaguntza handituko dute; eta, bestetik, partida berri bat sortu dute museo etnografikoaren 40. urteurreneko ospakizunetarako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide