Orduener elkarteak urrats berria egin du bere jarduera bultzatzeko eta zehaztu du Urduña Herri Eskolako teilatuan jarriko duela lehen azpiegitura fotovoltaikoa. 100 Kw sortuko ditu horrekin eta bazkideen bilaketa abiatu du bidearekin jarraitzeko.
Izan ere, jende gehiago batzea espero dute energia komunitatea eta kooperatiba osatzeko. "Horren arabera lortuko ditugu finantzazioa eta dirulagunzak" azaldu du Jon Sierra Orduenereko presidenteak.
Gauzak horrela, bi bide ireki dituzte elkartearekin harremanetan jartzeko, edo orduener@gmail.com helbidera idaztea edo Alondegian jarri duten postontzia baliatzea. Asmoa da interesa duten urduñarrek euren kontsumo fakturak han uztea eta eurek aztertzea.
"Batzen den jende kopuruaren arabera eta euren kontsumo ohiturak aintzat hartuta, energia banatzeko eredua asmatu behar dugu, ahalik eta berdinzaleena izan dadin", argitu du Sierrak.