Aurten zuei dagokizue kinto izatea. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Irati: Txikitatik herriko kaleetan ikusi dugun ospakizuna izan da, eta aurten ilusio bereziarekin prestatu dugu. Oso gogotsu gaude, asko.
Ainhoa: Tradizio bat da herrian, eta oso pozik gaude hau mantentzeagatik. Espero dugu hurrengo belaunaldiek ere honi heltzea eta tradizioa ez galtzea
Nola ospatuko duzue tradizio hau?
Irati: Larunbatean, Santa Ageda bezpera aprobetxatuz, Santa Ageda kantua abestuko dugu hiriko hainbat txokotan. Foru enparantzan elkartuko gara goizean goiz, eta hemen abestuko dugu lehenengo aldiz, piloiaren inguruan. Gero, hiru taldetan banatuko gara, Urduñako herrietatik kantuan aritzeko. Talde batek Saratxora joko du, beste batek Lendoñoko bidea hartuko du, eta azkenengo taldea Arrastariara joango da.
Ainhoa: Eguerdian, 15:00etan, plazan elkartuko gara berriz. Abestu ostean, Urduñako Gazte Asanbladak prestatutako bazkarira joango gara. Gauerdian piloiaren inguruan elkartuko gara azken aldiz abesteko.
Asko entseatu duzue azken asteetan?
Ainhoa: Bai, astean behin elkartu gara entseatzeko. Abuztuan hasi ginen antolatzen, orduan egin genuen kintako WhatsApp taldea. Abestiak entseatzen abenduan hasi ginen. Hasieran zaila zen erritmoa jarraitzea, baina gutxika gutxika hobetzea lortu dugu.
Zenbat kinto zarete aurten?
Irati: Aurten hogeita hamar kinto gara.
Martxoan kintoen festa ospatuko duzue.
Irati: Bai, martxoaren 2an izango da. Eskean bildutako dirua baliatuko dugu eguna antolatzeko. Bihar bezala, martxoaren 2an ere Foru plazan elkartuko gara abesteko eta jarraian mezara joango gara, Antiguako santutegira. Eguerdian haurrentzako jolasak egongo dira enparantzan eta guk trikipoteoa egingo dugu herritik. Arratsaldean batukada, Sembrando Kaos taldea, Zutik erromeria eta DJ Masa egongo dira.
Ainhoa: Biharko eguna gertuagokoa sentituko dute Urduñako auzokideek, baina espero dugu martxoaren 2an inguruko herrietatik ere jendea etortzea.