Udal gobernuak oposizioaren proposamenak sistematikoki baztertzen dituela salatu du Urduñako EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 7a, 17:37

EH Bilduren hitzetan, bilkura "desatsegina" izan zen urtarrilaren 31koa. / EH BIldu Urduña

Alkatearen "lerdenkeria" eta Udal Gobernuak proposamen oro sistematikoki baztertzeko duen joera salatu ditu EH Bilduk, azken Udal Osoko Bilkuraren ostean.

Urtarrilaren 31n burutu zuten Urduñako urteko lehenengo Udal Osoko Bilkura, non, nagusiki, 2024ko aurrekontuak eztabaidatu ziren. Udalbatzaren ostean oharra plazaratu du EH Bilduk, bertan jazotakoaren irakurketa eginez.

EAJk aurkeztutako aurrekontuetako inbertsio apurrak aurreko legealdikoak direla azaldu du EH Bilduk. "Udalaren egoera ekonomikoa prekarioa dela, oraindik ere pairatzen ditugulako EAJk duela legegintzaldi batzuk utzitako zor kontrolatugabearen ondorioak. Horregatik, aurrekontuek ia-ia ez dute inbertsiorako gaitasunik, eta esan dezakegu aurreko legegintzaldiaren jarraipena direla", zehaztu dute oharrean.

Udal Gobernuak aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea zela azaldu du ere oposizioko taldeak, ez zuelako Foru Arauan zehaztutakoa betetzen. Edonola ere, EH Bilduk adierazi du hori ez zela inola ere kontuak ez babesteko arrazoia, "aurrekontuak ezinbestekoak baitira udalerriaren funtzionamendurako".

Zortzi emendakin

EH Bilduk zortzi emendakin aurkeztu zizkien guztira aurrekontuei. Emendakin hauek "behar bezala aztertuak eta justifikatuak, aurreko legealdiko esperientzian oinarrituak, eta guztiz beharrezkoak" zirela azaldu du oposizioko taldeak. Besteak beste, zuhaitz gehiago erostea, zenbait bideetan zoladura berria jartzea edota Gazteen Kontseilua sortzea proposatzen zuten zuzenketek. Baina EAJak proposamen horien guztien aurka bozkatu zuen, oposizioko taldeko kideek salatu dutenez.

EH Bilduk galdera plazaratu dio Udal Gobernuari: "Justifikaziorik gabeko ezezkoa nagusituko da bilkura guztietan? Sistematikoki baztertzen dituen eta erabakiak herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituen jarduera-moduak eredu batera garamatza?"

Galde-eskeetan tentsioa

Galde-eskeen txandan EH Bilduk Mugikortasun mahaia sortzea proposatu zion Udal Gobernuari, "herrigune historikoko trafikoa arautuko duen ordenantza berriaren eta, bestetik, ikastetxearen eta plazaren artean irabazitako oinezkoentzako gunea berriro irekitzeko ideiaren" inguruan eztabaidatzeko nagusiki. 

Iker Santocildes alkateak ezezkoa eman zion proposamenari. Gobernuburuaren erabakiak  udalbatza aretora bertaratutakoen artean "tentsioa eta gaitzespena" sortu zituela azaldu du oposizioko taldeak. "Inolako iradokizunik jasotzeko aukerarik eman gabe, alkateak harrokeriaz eta larderiaz adierazi zuen erabakia hartuta dagoela, eta kito!", nabarmendu du EH Bilduk plazaratutako oharrean.

"Proposamenen bazterketa sistematikoa"

EH Bilduren hitzetan, bilkura "desatsegina" izan zen urtarrilaren 31koa, EAJk oposizioaren proposamenak "sistematikoki baztertu zituelako". Gauzak hala, koalizio subiranistak hurrengo galdera plazaratu dio Udal Gobernuari: "Justifikaziorik gabeko ezezkoa nagusituko da bilkura guztietan? Sistematikoki baztertzen dituen eta erabakiak herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituen jarduera-moduak eredu batera garamatza?"

EH Bilduk, bere aldetik, oposiziotik lanean jarraituko duela aldarrikatu du: "Lanean jarraituko dugu, Urduña hobe dadin proposatuz eta lagunduz. Horrela ulertzen dugulako tokiko politika. Azken batean, gu ere herriaren zati garrantzitsu baten ordezkari gara".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide