Urduñako Haurreskola Publikoko gurasoek sinadura bilketa abiatu zuten urtarrileko azken asteetan, Hezkuntza Sailak zerbitzuaren ordutegiak aldatu zituela eta horrek familien kontziliazioa zailtzen duela salatzeko.
Otsailaren 9an bukatutzat jo zuten bilketa, hezkuntza zentroan bertan, Urduñako zenbait establezimendutan eta Aiaraldeko Eskola Publikoaren aldeko jaian egon ostean, besteak beste. 417 lagunen babesa jaso dute guztira. Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari bidaliko dizkiote jasotako atxikimendu guztiak.
Salaketaren arrazoiak
Izaro Otaegi Tapia gurasoen ordezkariak azaldu du ordutegiek okerrera egin dutela indarrean dagoen ikasturtean, eta nabarmen, gainera. "Aurreko ikasturtean umeak sartu ahal ziren 07:30etik 10:00ak arte. Orain beranduago irekitzen dituzte ateak, 08:00etan, eta 09:30ean beranduenez egon behar dira barruan".
Horrez gain, arratsaldeko ordutegia ere murriztu dute: "Iaz 16:30ak arte zegoen irekita Haurreskola eta, hiru ume edo gehiago egonez gero, 17:00ak edo 18:00ak arte. Orain, aldiz, 14:00etan bukatzen da zerbitzua, edota 16:00etan, hiru ume edo gehiago badaude".
Gauzak horrela, Otaegik argitu du aldaketa zerbitzuaren doakotasunarekin batera heldu dela: "Ustez, arau berriaren xedea kontziliazioa erraztea da, baina txandaka lan egiten duten gurasoek ez dute aukerarik ordutegi horietara moldatzeko eta, ondorioz, bestelako bideak bilatzera behartuak izan dira".
Horrek eragin zuzena izan du matrikulazioan. Haur gutxiagok eman dute izena, bitarteko pribatuetara jo behar izan dutelako guraso askok. "Horiek ez dute ordutegi mugarik", nabarmendu du Izaro Otaegi Tapiak.