Hilabeteko epean bigarren aldiz egin dio Urduña Hiria Museoari bisita Kike Balenzategui argazkilari nafarrak, eta bigarrenekoz jendetza elkartu du museoko areto nagusian.
Urtarrilaren 12an aurkeztu zuen Balenzateguik Sakkaku proiektua museoan. Erakusketak Urduñan piztutako interesaren aurrean hirira bueltatu eta publikoarekin solasaldi bat izateko konpromisoa hartu zuen argazkilariak.
Gauzak horrela iragan otsailaren 16an itzuli zen Balenzategui Urduña Hiria Museora. Ehun lagun inguruk bete zuten erakusketa areto nagusia topaketan parte hartzeko. Bigarren argazkilari nafar batek lagundu zuen Balenzategui bisita berri honetan; Ignacio de Alava argazkilaria.
Argazkigintzan egindako ibilbidearen birpasa egin zuen Kike Balenzateguik: garatutako proiektuak, sariak, argazkilari erreferenteak... Kartelgintzari ere eskaini zion tartea; izan ere, 2011ko San Fermin Jaietako kartel ezagunaren egilea ere bada argazkilari nafarra.
Sakkaku proiektua
Kike Balanzateguiren azken obra Urduña Hiria Museoan egongo da ikusgai martxoaren 24ra arte. Sakkaku da argazkilari nafarraren azken proiektu hori, eta irudimena eta ilusioa ditu oinarri.
Hain zuzen ere, Sakkaku hitzak ilusioa edo haluzinazioa esan nahi du japonieraz, Balenzateguik berak honela aurkezten zuen bere lana: "Nire argazkietan agertzen dena zer den ez jakitearen sentimendua interesatzen zait. Ez daukat errealitatearekiko konpromisorik. Fikzioaren eta egiaren artean eszenaratzea dago"; "argazkia gezur hutsa izan daiteke"
Ignacio de Alava argazkilariak ere goraipatu egin zuen kidearen lana ostiraleko aurkezpenean: "Eskemak hausten dituen argazkia da; paisaiak dirudite, baina simulazioak dira".
Argazkiak: Jose Mari Gutierrez Angulo