Urduñako Erauntsi Dantza taldeak egun osoko egitaraua prestatu du datorren martxoaren 23rako. Erauntsi Eguna deitu diote ekimenari eta hiriko txoko desberdinetan garatuko dituzte ekintzak.
Egun osoko egitaraua
Eguna dantza-poteoarekin abiatuko dute, eta 15:00etan herri bazkaria egingo dute Foru Plazan. Arratsaldea Dantza Plazarekin girotuko dute eta 20:00etan batukadak zeharkatuko ditu Urduñako kaleak. Programa borobiltzeko kontzertuak egongo dira 21:30etatik aurrera Foru Plazan. Oholtza gainera Belgorri eta Cuatro Bancos amurrioarrak igoko dira. Jai-giroa luzatzearen ardura DJ Masa musika-jartzaile laudioarrak izango du.
ADELA elkartea
Bildutako diru guztia ADELA elkartera bideratuko dute, ELA gaixotasunak eragindako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko irabazi-asmorik gabeko erakundera.