Urduñako EH Bilduk oharra plazaratu du gogor kritikatzeko udal gobernu taldeak onartu berri duen trafiko ordenantza. Koalizioak hiru argudio baliatu ditu nagusiki eta horietako bat parte hartzearena izan da.
EH Bilduren aburuz, ez da partaidetzarako prozesurik egon eta EAJk ez ditu aintzat hartu herritarrek egindako inkestak: "inkesten %85 Alde Zaharreko sarrera erregulatzearen alde adierazten dira eta gehiengoaren aukera da plaza trafikora ixtea, salbu bizilagunentzat, merkatarientzat eta karga eta deskargarentzat".
Horrez gain, EH Bilduk azpimarratu du araudi berriarekin ahalbidetzen dela Foru plazan eta Alde Zaharrean aparkatzea. "Zonaldea oinezkoentzat da, Erdi Arokoa, XII. mendekoa eta Eusko Jaurlaritzak Monumentu Historiko gisa aitortuta", erantsi du talde politikoak.
EH Bilduren iritziz, aparkatzea kontraesanean dago bestelako goi araudiekin. Horrez gain, "akats larritzat" jo dute Foru plaza eta eskolako inguruneak trafikora berriro ireki izana, eta aipatu dute alkateak eman duen argudio bakarra izan dela plaza errotonda funtzioa berriro betetzeko konpromisoa hartu zuela hauteskunde kanpainan.
Alkatearen iritzia
Iker Santocildes alkateak, ordea, bestelako irakurketa egin du ordenantzaren harira eta argudiatu du inkesten emaitzak jarraiki osatu dutela araudia, Alde Zaharra bizilagunei, dendariei eta karga eta deskarga lanei baimenduta soilik erabilera.
Horrez gain, Santocildesek adierazi du nahiz eta plaza trafikora irekitzeko aukera izan duten kargua hartu bezain pronto, arduraz jokatu dutela eta oinezkoen eremuak arautzen duen ordenantza izan arte ez dutela egin.