ARGAZKIAK

Fraileburura egin dute txangoa, Euskal Herriko lehenengo eskaladaren mendeurrena ospatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 20a, 10:14

Martxoaren 16an ehun urte bete ziren Angel Sopeña Oruetak Fraileburu mendia eskalatu zuenetik. Eskalada horrek mugarria jarri zuen euskal mendizaletasunaren historian, eta mendeurrena ospatzeko txangoa antolatu dute Txarlazo eta Mendiko Lagunak taldeetako kideek.

Fraileburu mendira egin zuten txangoa Txarlazo Mendi Taldeko kideek iragan larunbatean. Amurrioko Mendiko Lagunak Taldeko, Club Deportivo Bilbaoko eta Grupo Alpino Gallarragako mendizaleak ere batu ziren hitzordura. Efemeride berezia ospatzeko bertaratu ziren Gorobelgo gailur enblematiko horretara: Euskal Herrian egindako lehenengo eskaladaren mendeurrena.

Angel Sopeñaren balentria

Duela 100 urte, 1924ko martxoaren 16an, Angel Sopeña Oruetak Fraileburu mendia eskalatu zuen. Ordura arte menderaezina zirudien gailurrak, eta igoerak zeresan handia sortu zuen Urduñan, eta euskal mendizaleen artean, oro har.

Eskalada hura da Euskal Herrian dokumentatutako lehenengoa, eta bide eman dio gaurdaino garapen izugarria izan duen kirol diziplinari.

Fraileburu igo ostean, eskaladan bidea urratzen jarraitu zuen Angel Sopeñak. 1930ean Asturiaseko Pico Urriellu eskalatu zuen, bertara igotzea lortzen zuen seigarren pertsona bilakatuta.

Sopeñaren balentria euskal mendizaletasunaren historiari buruzko Mendian Gora erakusketan bildu du EMMOA fundazioak. Amurrioko La Casonan dago ikusgai erakusketa, Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrenarekin bat eginez.

Argazkiak: Mendiko Lagunak eta Txarlazo Mendi Taldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide