Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariaren eskariari erantzunda, Espainiako Gobernuak hautua hartu du Angel Salas Larrazabal militar urduñarrari 1991n emandako kondekorazioak kentzeko, Memoria Historikoko Legea jarraiki. Ez da urrats aintzindaria izan, Urduñako Udalak 2016an egin baitzuen hori eta Otxandioko herriari, gainera, barkamena eskatu zion bere hiritarrak eragindako sarraskiagatik.
Gauzak horrela, nor izan zen Angel Salas Larrazabal? Berez, urduñar hau militar falangista, afrikanista eta kolpista izan zen, eta naziekin borrokatu zen ukondoz ukondo Sobietar Batasunaren inbasioan.
Militar afrikanista
Salas Larrazabal artilleroa izan zen bere ibilbide militarraren lehenengo urteetan, baina 1927an aireko armadan sartu zen. Unitate horietan Afrikako kanpaina kolonialistetan —Saharan, Ifnin eta Smaran, adibidez—parte hartu zuen, 1936an Estatu Kolpea sustatu zuten militar garrantzitsuenek bezala, hala nola; Emilio Mola, Francisco Franco, Gonzalo Queipo de Llano... Horregatik, hain zuzen, afrikanista izendapena jaso zuten eta Joseba Sarrionandiak Moroak gara behe laino artean? liburuan azaldu zuenez, sailkapena ez zen garrantzirik gabekoa. Izan ere, militar horiek herri marokoarraren eta amazigharen kontrako praktika odoltsuak eta krudelak jarri zituzten abian, gerora Gerra Zibilean errepikatzeko. Esaterako, Salas Larrazabalek, Francok bezala, Asturiaseko iraultzan protagonismoa izan zuen 1934ko urriko iraultzaren errepresio gordinean.
1936ko estatu kolpea
1936ko uztailaren 18ko eskuin muturreko generalen estatu kolpeak Madrilen harrapatu zuen Angel Salas Larrazabal, eta urduñarrak zalantzarik gabe Errepublikaren kontra matxinatu ziren militarrekin bat egin zuen. Iturri ezberdinan arabera, Mola, Franco eta Queipo de Llanoren arteko lotura egin zuen lehen une horietan. Dena den, militarrak ez zuen denbora asko behar izan Otxandioko historia beltzenean bere izena idazteko.
Otxandioko bonbaketa
Gerra uztailaren 18an hasi bazen, lau egun beranduago Salas Larrazabal Agoncilloko aerodromotik atera zen beste Breguet XIX hegazkin batekin, zehazki, Jose Muñoz Jimenezek gidatzen zuen aparatuarekin batera. Bi pilotuek Otxandiora jo zuten eta han ikusi zuten jendetza zegoela. Izan ere, herriko jaiak ziren.
Xabier Irujo historialaria genozidioan aditua da. Ameriketako Estatu Batuetan ematen ditu klaseak, Nevadako unibertsitatean, eta Euskal Herrian Gerra Zibilean gertatutako bonbaketen ikerketa sakona egin du, bereziki, Gernikako kasuan. Berak egindako zabalpen lanari esker eta garaiko lekukotzak jasota, zalantza izpirik gabe adierazi daiteke ekintza erabat kriminala gauzatu zutela bi hegazkin frankistek. Hain zuzen, ikusita Otxandioko Magdalena plazan milizianoak zeudela, pilotuek Andikona plazaren gainean hegan egin zuten ordu erdiz. Han ari ziren festetako ospakizunak egiteneta militarrek keinuak egin zizkioten kabinatik jendeari, batzeko, nagusiki haurrak. “Hegaldia altuera baxuan egin zuten, hortaz, bazekiten azpian zeudenak zibilak eta gehienbat umeak zirela”, ziurtatu du Irujok.
Otxandiarrek ez zuten etorriko zenaren susmorik. Alde batetik, aurreko egunetan zerua zeharkatu zuten hegazkinek eskuorriak bota zituztelako. Bestetik, Euskal Herrian ez zelako inolako bonbaketarik gertatu aurretik.
Salas Larrazabalek, ordea, bazekien zer zuen esku artean, eta behin jendea bilduta, bonbardatu —400 kilo lehergailu baino gehiago biltegiratu ahal zuen hegazkinak— eta metraillatu zituen. “Ordu erdiz luzatu zen erasoa eta militarrek bazekiten zer egiten zuten. Breguet XIX hegazkinek horrelako operazioak egiteko balio zuten eta, metro gutxira hegan egin zutenez, ikusi ahal izan zuten zer gertatzen ari zen eta noren kontra. Ekintza guztiz kriminala izateaz gain, koldarra ere izan zen. Magdalenan milizianoak zeuden, baina horiek armak zituztenez, nahiago izan zuten herritarrak sarraskitu”, argudiatu du Irujok.
61 hildako, 24 adingabe
Bonbardaketak irudi lazgarriak utzi zituen Otxandion: gizakien zatiak, ume ugari hilda, dozenaka zauritu… Historialariak ez dira guztiz ados jartzen biktimen zerrendari dagokionez. Batzuek uste dute hildakoak 84 izan zirela, baina Xabier Irujok Zigor Olabarriaren datuak hartzen ditu erreferentziatzat: 61 lagun. Hau da, 45 zibil, 24 adingabe —haurrak eta nerabeak—, bost miliziano, lau soldadu eta identifikatu gabeko beste zazpi pertsona.
Nazien aginduetara
Gerra Zibilean jo eta su aritu ondoren —inork baino gehiago egin zuen hegan urte horietan—, Angel Salas Larrazabalek bat egin zuen División Azularekin eta Sobietar Batasunaren inbasioarekin bat egin zuen indar naziekin, Adolf Hitlerri fideltasuna zin egin ostean. Urrian Moskuko frontean sartu zen bere eskuadrillarekin eta urtebete baino gehiago borrokatu zen Luftwafferekin batera. Gogoratu beharra dago gerraren fronte erabakigarriena han egon zela. 25 milioi lagun baino gehiago hil ziren eta nazien krimenen zerrenda amaigabea izan zen.
Testuinguru horretan, Armada Gorriaren aurka bost pilotukide galdu zituen Salas Larrazabalek eta 1942an itzultzeko agindua jaso zuen.
Hala ere, bere harremana Reich-arekin ez zen amaitu eta diplomatiko moduan aritu zen Bernan eta Berlinen. Berez, han zegoen komunistek hartu zutenean eta handik joan behar izan zen.
Erregearen zerbitzura
Bizitza osoa armada frankistan eman eta gero, 1974an Erresumako Kontseilari bilakatu zen erregearentzat eta, Franco hiltzean, bi egunez hartu zuen Estatuko Buruzagitza, Juan Carlos I.-ri eman arte.
Erregeak berak izendatu zuen 1977an senatari eta hurrengo urtean, Konstituzioa onartuta, utzi behar izan zuen kargua.
1991n Juan Carlos I. eta Felipe Gonzalez estatu eta Gobernuko buruek ohorezko kapitain general gisa kondekoratu zuten, bere “aparteko meritu pertsonalen” ondorioz. Hau da, estatu kolpean, diktaduran eta Bigarren Mundu Gerran egindako krimenak aitortu eta zuritu zituzten.