Ertzaintzak foamezko balak erabili zituela salatu dute Urduñako tabernan zeuden herritarrek

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 15a, 13:30

Herritar batek salatu du foamezko bala batekin jo zutela besoan bi metroko distantziatik tiro eginda eta lesioak eragin zizkiotela. / Aiaraldea

Larunbat gauean bi atxilotu egon ziren Urduñako taberna batean. Zenbait herritarrek salatu dute Ertzaintzaren bertsioak ez duela bat egiten errealitatearekin eta foamezko balak baliatu zituztela ostalaritza establezimentuan zeuden pertsonen kontra.

Larunbateko gaua modu gatazkatsuan amaitu zen Urduñan. Izan ere, Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zien. Poliziak oharra plazaratu zuen atzo bere bertsioa azaltzeko, baina Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarri diren zenbait herritarrek ere eurena eman nahi izan dute.

Izan ere, taberna barruan zeuden pertsonek adierazi dute polizia ez zela agertu zarata zegoelako, sarekada egiteko baizik: "Guztiok identifikatu eta miatu gintuzten. Batzuk hormaren kontra jarri zituzten eskuak altxatuta".

Halaber, herritar horiek ukatu dute modu bortitzean hartu izana ertzainen agerpena. "Dozena bat sartu ziren eta hasieran dena oso lasaia izan zen. Are gehiago, hormaren kontra ez zeudenek jai giroan jarraitu zuten", aipatu dute. "Inork ez zien ezer bota", azpimarratu dute.

Liskarrak beranduago

Tabernako kontsumitzaileek erantsi dute ertzainek ordubete baino gehiago hartu zutela jendea miatzeko eta horregatik haserretu zirela herritarrak. Antza, ateratzean horietako bat berotu zen, barruan bere arrebak jarraitzen zuelako eta emakumezkoak antsietate krisialdia zuelako.

Herritar batek salatu du bi foamezko balen tiroak jaso zituela bi metro eskaseko distantziarekin.

Orduan hasi ziren liskarrak kanpoan zeuden ertzainekin eta kolpeak eman ez ezik, foamezko balak ere baliatu zituzten agenteek, herritarren aburuz. Zehazki, herritar batek salatu du berak bi tiro jaso zituela bi metro eskasetako distantziarekin: "Batak bularrean eman zidan eta besteak besoan. Apur bat gorago joango balitz aurpegian jasoko nukeen kolpea", esan dio herritarrak Aiaraldea Komunikabideari.

Herritar horrek bidali ditu albiste honetan dauden irudiak. "Joan zirenean foamezko balen zorroak jaso nituen", gehitu du urduñarrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide