Euskadiko Errepublikaren Batasunak II. Errepublikaren aldeko aldarria atera zuen kalera duela astebete Urduñan. Berez, taldeko presidente Tomas Alberto Larrea hil zenetik ez zuten ekitaldi hori egiten, baina aurten kalera atera dute euren militantzia.
Berez, bi ekintza gauzatu zituzten. Alde batetik, ikur errepublikarra altxatu zuten Foru plazako hagan. Bestetik, kontzentrazio esparruan errepresaliatuei omenaldia egin zieten plaza bereko monumentuan. Hitzaldi laburra egin zuten bertan, non gogora ekarri zituzten "estatu kolpe faxistaren aurka borrokatzeagatik errepresaliatuak izan ziren guztiak".
Horrez gain, EEBk gogoratu du Extremadurako Castuera udalerrian jardunaldiak egin zituztela pasa den asteburuan eta Urduña oso presente egon zela. Ez bakarrik Joseba Egigurenek hitzaldia eskaini zuelako, baita ere Castuerako herritar ugari egon zirelako Urduñako kontzentrazio esparru frankistan.