Asteburuetako gaueko tren-zerbitzua indartuko du Renfek Urduñako Otxomaio jaiek iraun bitartean. Hogei tren gehiagorekin indartuko dituzte maiatzaren 4ko, 5eko, 11ko eta 12ko goizaldeak C-3 linean; 22:00etatik 07:00etarako tartean, hain zuzen ere.
Gauzak horrela, ostiraletik larunbaterako eta larunbatetik iganderako gauetan ordu hauetan abiatuko dira trenak Urduñako tren geltokitik, aipatutako denbora tartean:
- 22:30
- 22:59
- 00:30
- 02:15
- 03:05
- 05:00
- 05:41
- 06:20
- 07:00
Halaber, Urduñara joateko ere tren bereziak eskainiko ditu Renfek. Trenbide sarearen webgunean kontsultatu daitezke ordutegi guztiak, eta baita azken orduko aldaketak ere.
12.000 plaza
Renfek adierazi duenez, iragarritako gaueko tren-zerbitzuaren indartzearekin 12.000 plaza gehigarri eskainiko ditu orotara. Plaza horiek guztiak 8.000 ibilgailuren baliokideak dira, Renfek berak eskainitako datuen arabera. "Tren horiek Ziurtagiri Berdea duen jatorri berriztagarriko energia elektrikoarekin mugitzen direnez, ibilbide osoan atmosferara 40 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestuko da", azaldu du enpresak gaur plazaratutako oharrean.