Iaz frontoia bete ondoren, Urduñako Pilota Elkarteak bide beretik jo du aurten ere, kantxa jendez gainezka egoteko. Gauzak hala, hiru partidako jaialdia egingo dute igandean, 17:30ean.
Alde batetik, Urduña eta Amurrioko pilotari gazteak arituko dira nor baino nor. Modu horretan, elkarteak eskualdeko kuadrillak erakarri nahi ditu pilotalekura. Berez, Gorostizaga-Zumaran eta Goikolea-Legarreta izango dira ekitaldia hasiko duten jokalariak.
Ondoren, Emakume Master Cup txapelketako goiko postuetan dauden Arrizabalaga-Capellan eta Aldai-Gaminde bikoteek hartuko dute kantxa.
Amaitzeko, pilotari profesional ohiek jokatuko dute. Guztiak izan dira puntakoak, baina egun erretiratuak daude eta erakustaldi partidak eskaintzen dituzte. Xala-Iriarte eta Arretxe-Pascual arituko dira norgehiagokan.
Sarrerek 5 euro balioko dute, baina elkarteko kideek 3 euro ordainduko dituzte. Halaber, 16 urte dituztenak edo gazteagoak direnak doan sartuko dira. Sarrerarekin batera, zozketa egingo dute tokiko produktuekin eta pilota materialarekin.
Ekimenaren helburua izango da gazteen artean zaletasuna sortzea eta jendea kirolera erakartzea, Urduñako Pilota Elkarteak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez.