MAITE MUGURUZA

“Rubialesen musuak balio izan du azaleratzeko federazioan zegoen zabor guztia. Nik selekzioan jokatzen nuenean horrela zen ere”

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 16a, 07:00

Maite Muguruza garaiko Espainiako Selekzioko ekipamenduarekin. / Aiaraldea.eus

MAITE MUGURUZA Aitzindaria izan zen futbolean 1980ko hamarkadan eta Espainiako Selekzioko atezaina izatera heldu zen. Bere ereduak Urduñako beste hainbat jokalarirentzat baliogarria izan zen. Iraganari zein egungo egoerari begira jarri da.

Noiz hasi zinen jokatzen?

Bizitza osoan jokatu dut, txikia nintzenetik. Lauzpabost urterekin auzoan jokatzen nuen, Antiguan. Nire ahizpak ere gogoko zuen. Gero auzoko lagun guztiak joan ziren CD Orduñara eta nik esan nion aitari nik ere nahi nuela, baina ez zidan utzi. 

Hortaz, hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Bedarbiden egon nintzen hainbat urtez. Harik eta unibertsitatean ikasi arte. Orduan antolatu nuen nesken arteko partida Filologia Ingelesa eta Hispanikoaren arteko klaseen artean, alegia. Joan nintzen futbol zelaia eskatzera eta harrituta geratu ziren.

Hala ere, jokatu genuen eta parte hartu zuen neska bat Txorierri Neskak taldeko kidea zen. Niregana etorri zen eta galdetu zidan ea talderen batean jokatze nuen. Aho bete hortz geratu nintzen eta esan nion: “Nesken taldeak daude???”

Aste horretan bertan joan nintzen eurekin entrenatzera, Sondikara eta 1983ko maiatzaren 1ean egin nuen debuta, Athletic Clubak liga irabazi zuen egunean, alegia.

Nolakoa izan zen aldaketa?

Niretzat izugarria. Auzoan egunero jokatzen genituen partidak eta ona nintzen. Guraso batzuk haserretzen ziren semeekin irabazten nielako. 

Gauzak horrela, entrenatzaileak futbol zelaira lehenengo aldiz atera ninduenean bururik gabe aritu nintzen gora eta behera. Esan zidan zelaiko erdigunean hartu behar nuela lekua. Izan ere, egun bakarra entrenatu nuen eurekin. 
Nire hasierako kokapena erdilaria zen. Fisikoki oso ondo nengoen, goian, behean, buruz ondo egiten nuen… Baina lesio larria izan nuen belaunean handik eta urte batzuetara.

Entrenamenduetan ezin nituenez jokatu partidak, prestatzaileak agintzen zidan alde fisikoa lantzeko. Nik eskatu nion zerbait egiteko uztea, gutxienez, atezaina izatea. Ordutik aurrera postu horretan geratu nintzen. Saskibaloian jokatu nuenez, eskuekin ondo moldatzen nintzen, eta Espainiako Selekzioan ere erdilaria izan nintzen. 

Espainiako Selekzioaren lehenengo partidan egon zinen?

Ez lehenengoan baina bai lehenengoen artean. 1983an hasi nintzen futbol federatuan eta hurrengo urtean Espainiako Selekzioan nengoen. Urte erdiz jokatu eta gero deitu ninduen Selekzioak. 

Erdilaria nintzen, defentsan laguntzen nuen, agintzen nuen, buruz ondo jokatzen nuen eta gol asko ez nituen egiten, kornerretan gehienez. 

Atezain gisa heldu nintzenean berritzaile izan nintzen, oinekin ondo jokatzen bainuen. Garai horretan atezainak atean geratzen ziren eta ni ateratzen nintzen jokatzera. 

Nolakoa izan zen aldaketa hori? Zuretzat eta gainerako atezainentzat, ze taldeko zein Selekzioko jokalari titular bilakatu zinen.

Bizkaiko eta Espainiako Selekzioen atezain bilakatu nintzen. Besteentzat arraroa izan zen, baina ni oso lehiakorra nintzen. Garai horietan goizean goiz joaten nintzen unibertsitatera, arratsaldean ikasten nuen eta gero entrenatzera joaten nintzen, gaueko hamarrak arte, eta gero Sondikatik Urduñarako bidaia nuen. 23:10ean zen azken trena eta etxera 00:15 aldera heltzen nintzen. Hurrengo egunean 06:30ean esnatu behar nintzen. Oso sakrifikatua zen, baina izugarri gozatzen nuen. Hiru entrenamendu nituen astero, taldearekin eta Selekzioarekin, eta partidak, jakina. 

Etxean jokatzen bagenuen, ondo; bestela, kanpora jo behar genuen, bidaiatu, hotel batean lo egin… Partidaren ondoren ogitartekoa jan eta etxera berriro. 

Noiz arte jokatu zenuen maila horretan?

1994an utzi nuen. Portugalen ari ginen Europako Txapelketa jokatzen eta jokaldi batean eskularrua iltzatu zitzaidan zoruan eta ukondoa apurtu nuen. 30 urte nituen jadanik eta nire akademiak. Selekziora joaten nintzen bakoitzean dirua galtzen nuen, norbait kontratatu behar nuelako. Iruditu zitzaidan uzteko unea zela. Dieta oso urriak ordaintzen zizkiguten, baina jokatzen nuen oso gogoko nuelako.  Gaztea izango banintz, hor egongo nintzateke, Alexia eta besteekin, baina nire garaia ezberdina izan zen. Harro nago, bidea ireki dugulako.

Zeintzuk izan ziren zure lorpen handienak?

Sondikarekin ligak eta kopak ia beti irabazten genituen. Gero Estatu Espainiarreko txapelketan aritu ginen. Ez dut gogoratzen urtea, baina Bizkaian ez genuen areriorik. Gipuzkoarrekin lehiatzen ginenean, borrakatu behar ginen. Espainiako bigarrenak izan ginen behin Lurraldeko Selekzioen Txapelketan. 

Espainiar Selekzioak bi aldiz jokatzen zuen urtean, ez zen gaur egun bezala. 

Futbolaren ostean, areto futbolean aritu zinen.

Bai, Urduñan sortu zuten areto futbol taldea eta entrenatzaileak proposatu zidan eurekin jokatzea. Taldekide batzuk onak ziren eta beste batzuk ez horrenbeste. Entrenatzailearen filosofia zen guztiok jokatu behar genuela eta askotan gertatzen zitzaigun nekez lortzen genuela aurrean jartzea markagailuan —areto futboleko talde guztiak onak ziren teknikoki—, eta orduan sartzen zituen beste jokalariak eta arerioek iraultzen zuten emaitza. Oso zaila zen niretzat, oso lehiakorra naizelako. 

Gero heldu ziren Txiti eta Basualdo eta oso talde jatorra sortu genuen. Bizkaiko Txapelketako finala jokatu genuen. Irabazleak maila igotzen zuen. Finalera ailegatu zen beste taldea Sondikako taldekideez osatuta zegoen. Horiek guztiak ziren, gutxienez, nire adinekoak eta Urduñakoak hamabost edo hamasei urtekoak. 

Gauzak horrela, hurbildu nintzen nire taldekide ohiengana eta esan nien: “Aizue, txiki-txiki egingo zaituztegu. Atso batzuk zarete”.

Urduñako gazteak izututa zeuden eta galdetzen zidaten ea nola esan nien hori. Partidan kronometroa gelditzen zen baloia jokoan ez zegoen bakoitzean eta norgehiagoka izugarri luzatu zen. Horrela, irabazi genuen. Txapelketan garaitu ondoren, hurrengo mailara igo ginen, baina ez genuen egin. Izan ere, Txiti, Maitane Basualdo eta beste batzuek proba egin nahi zuten futbolean. 

Hain zuzen, nik eraman nituen Lezamara, jendea ezagutzen nuelako. Txiti eta Maitane hartu zituzten eta Athletic B taldean aritu ziren hainbat urtez. Esango nuke Maitane Basualdo lehen taldean ere egon zela.

Pertsonalki, pena eman zidan beste maila batean ez genuelako jokatu, baina egia da litekeena zela sekulako jipoiak jaso izana, maila handia baitzegoen. Edonola ere, areto futbolean jokatutako denboraldi hori esperientzia atsegina izan zen.

Athleticeko emakumezkoen taldeagatik zure alabaren bataioa aldatu zenuen, ezta?

Bai. Igande batean bataiatu behar genuen Aulestin, baina apaizari esan nion ezin nuela eta aldatu genuen. Gezurren bat kontatu nion, ez nion esan Athletic Clubeko partidagatik zela. Azkenean, bataiatu ordez, zurigorriz jantzi eta San Mamesera eraman nuen ikusteko nola emakumezkoek irabazten zuten liga. 

Bizi izandako guztiarekin, ikusten duzunean egungo egoera, zer pentsatzen duzu?

Plazer handia da ikustea garatu egin dela, profesionalizatu dela, inbidia osasuntsua sortzen dit hogei urte ez izateak. Dena emango nuke. Ikusi nuen Munduko Txapelketako finala eta Cata Collen tokian jartzen nintzen. Berak ere ondo jokatzen du hankekin, ni ere hor egon ahal nintzen. Nik uste guztiok egin dugula ekarpena eurak han egoteko.
Bestalde, musuarena dago. Alde batetik, ni pozten naiz. Izan ere, horregatik izan ez balitz, inoiz ez litzateke azaleratuko federazioaren barruan zegoen zabor guztia, asko dela.

Ni nengoenean kontrola izugarria zen. Azken berrogei urteetan hori aldatu ez denez, ez da horren txarra gertatutakoa. Hala ere, esan behar dut musuarena lotsagarria izan zela, baina okerragoa izan zen eskua hankartera eraman zuenean harmailean. Ez Rubiales ez bere inguruan zeuden guztiak ez ziren hor egon behar. 

Ni Espainiako Selekzioaren lehen entrenatzailearekin egon nintzen, Teodoro Nieto zen. Oso zurruna zen, baina hurrengoa, Nacho Pereda, hogei urtez egon da postuan. Berarekin egon ziren azkenengoek kontatzen zidaten gure garaian egiten zuen bera egiten zuela: emakumea degradatu. Topatzen bazuen bat apur bat makalagoa zena, txiki-txiki egiten zuen. Sinestezina zen. Eta bere ordezkoak politika bera zuen. Hori ez zuten gizonezkoekin egiten. 

Hortaz, federazioko jendilajea kendu izana albiste ona da, ahaztu gabe aurretik hamabost jokalarik eskutitza sinatu zutela gauza bera eskatzen. 

Horrelako jendea futboletik kanpo egon behar zen, ez dutelako ekarpenik egiten, kontrakoa. Jokalarien lana ez zen exijitzea hori aldatzea, eta hala ere txapeldun izan ziren. Hori bai maila. Apartak dira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide