Moja klaratarrek Eliza utzi dute, Urduñako komentua erostea eragotzi dietelako, eta eskuin muturreko sekta batera batu dira

Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 07:00

Moja klaratarrak Elizatik urrundu dira. / Clarisas de Belorado

Klaratarrek Urduñako komentua erosteko kontratua sinatu zuten, baina Elizak atzera egin du salerosketan eta mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren diziplinara batu diren. Mario Izeta apezpikuak eskumikatu zuen erlijioso hori 2019an eta, besteak beste, Francoren jarraitzailea da eta COVID-19ren txertoen kontra lerrokatu zen.

Urduñako komentuaren salerosketa afera zatiketan amaitu da moja klaratarren (Beloradon, Burgosen, kokatuak) eta Eliza katolikoaren artean. Antza, mojek eta Gasteizko elizbarrutiak 1,2 milioi euroko akordioa sinatu zuten Urduñako eraikina euren esku uzteko, baina, hedabideek jaso dutenez, mojek ez dute ordainketarik egin orduz geroztik.

Horren aurrean, klaratarrek proposatu zioten Elizari hirugarren batek erostea higiezina, eurei tokia erabiltzea ahalbidetuz betiere. Elizbarrutiak komunikabidetan azaldu duenez, mojek ez zutenez argitzen nor zen interesdun hori, erabaki zuen bertan behera uztea sinatutako kontratua.

Hori dela eta, Sor Isabelek, hau da, mojen buruak, 1,6 milioi euroko kalteak eskatu zituen, eta Elizak ez zuenez onartu, epaitegira jo zuen.

Zatiketa eskuin muturreko talde baterantz

Gauzak horrela, hedabideen arabera, mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean "jazarpena" salatu duten. Burgos eta Gasteizko Elizabarrutiek euren harridura adirazi dute, ez baitute komunikaziorik jaso zuzenean.

Edonola ere, mojek iragarri dute Eliza katolikotik joango direla eta Pablo de Rojas Sanchez-Francoren aginduetara egongo direla. Mario Izetak 2019an elizatik bota zuen erlijioso hori. Antza, Jaengo frankista ospetsu baten iloba da eta Pio XII (historialari askoren ustez, nazien konplizea, horregatik kendu zioten Laudioko kale bati bere izena) da berarentzat azken Aita Santu zilegia.

Dirudienez, El Palmar de Troyako sekta ultraeskuindarrarekin ere zeharkako harremana dauka eta, berez, Escrivá de Balaguer Opus Deiko sortzailearen tesiak defendatzen ditu. Hori bai, ez du erakunde horrekin bat egiten, ustezko Aita Santu heretiko batek (Juan Pablo II) aitortu baitzituen bere irizpideak.

Sanchez-Francoren erreferente politikoak Francisco Franco eta Sixto Enrique de Borbón-Parma (karlisten erregea) dira eta pandemian COVID-19ko txertoen kontra agertu zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide