Kultur sorkuntza Aiaraldean

Piano Taupadak, Urduñako belaunaldi anitzen ispilu

Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 17:24

Izaskun del Cerro piano-joleak emanaldi berezia egin zuen ostiralean Alondegian. "Bereziak zaizkion tokiko artistak" gonbidatu zituen oholtzan laguntzera, bere ama tartean.

Ostiralean izan zen Urduñako Izaskun del Cerro piano-jolearen kontzertu berezia, bere  inguruko sortzaile eta lagun kuttunekin taularatu baitzen Alondegian. 20:00etan izan zen kontzertua, eta ordua iristerako jendez lepo zegoen aretoa. "Piano taupadak proiektuan miresten ditudan lagun eta musikariekin konpartitzen ditut nire kantak", esanez hasi zuen emanaldia musikariak. Hain zuzen, kide ugari izan zituen aldamenean kolaboratzen ekitaldiaren une anitzetan. 

Momentu bereziena Glori Lopez Izaskun del Cerroren amak sortu zuen, akordeoiarekin 2-3 pieza jo baitzituzten ama-alabek

Orotariko abestiak jo zituen, bakarka pianoarekin bakarrik, zein beste musikari batzuekin elkarlanean. Ramon Diaz Olabarria teklatuarekin aritu zen, Iskander Vesga saxoarekin, Aitor Laar kitarra eskuan, Oier Rebolledo baterian, Ainize Solaun dantzan eta kantuan Itzi Azkarate, Irati Mendiguren eta Izar Mendiguren.

Momentu berezienak, baina, Glori Lopez Izaskun del Cerroren amak sortu zituen, akordeoiarekin 2-3 pieza jo baitzituzten ama-alabek. Gainontzekoan, estilo anitzetako sormen lanak eta ahotsak izan ziren nagusi.

Ordubete luze iraun zuen ikuskizunak, 15 abesti baino gehiago jo zituzten eta. Amaieran, ekitaldia borobiltzeko, publikoa jarri zuten abesten Glori Lopezek eta Izaskun del Cerrok, Xalbadorren heriotzean doinuarekin, Urduñako musikarien konplizitate eta zaleen babesa izugarria dela bistaratuta.

Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide