"2023an hasi zen bere amaren zaletasunagatik Galizian, K-1ean uretara ez erortzea helburu zuela", oroitu du Maite Garciak, Plazaren amak. Ordutik sekulako lana egin du gazteak, eta horren ondorio da lortutako emaitza: maiatzaren 18an Bizkaiko txapelketa irabazi zuen Plentzian, eta ekainaren 16an Euskadiko lehiaketako garailea izan zen Legutioko pantanoan, kimuen K-1 mailan.
Legution, Plentzian eta Santanderren podiuma zapaltzea lortu du urduñar gazteak
Garciaren esanetan, astebururo joaten da kirolari gaztea Getxora entrenatzera: "Bertan beste hainbat neska-mutilekin elkartzen da, Fonfi eta Adolfo entrenatzaileekin batera uretara joateko, beroa edo hotza egiteak berdin dio".
Kirol gutxitua izanik, garrantzi handia du Maiu Plazaren amarentzat hartutako konpromisoak: "Neguko hotzari aurre egiteko entrenatzaile horiek sekulako berotasuna ematen diete haurrei, euren gaitasunak ikusten lagunduz, Euskal Herrian piraguismoa bezalako kirol gutxitua sustatzearekin batera".
Maiu Plaza ez zen izan domina eskuratu zuen bere taldeko bakarra, beste hainbestek lortu baitzuten euren kategorietan irabaztea. Horrez gain, Getxo Kayak Kluba Bizkaiko taldekako txapeldun izendatzea ere lortu zuten gazteek.
Santanderreko erregata inklusiboan, bigarren
Bestalde, asteburuan Santanderren (Kantabria) izan da urduñarra, inklusio erregata batean parte hartzen. "Oso polita izan zen, gurpildun aulkidunean dagoen jendea igo zen podiumera ere. Maiu bigarren geratu zen, baina emaitza bestelakoa ere bada: gogotsu dagoen pertsonarentzat ez dago mugarik", kontatu du Garciak. Ama ere aritu zen uretan, "garrantzitsua" iruditzen zaiolako "halako ekimenetan ere parte hartzea". Datozen asteetan Madrilen lehiatuko da Urduñako gaztea.