ERREPORTAJEA

Kutxa bat Larruazabalgo errepublikaren interesak babesteko

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko eka. 27a, 14:42

Alkate bakoitzak giltzarrapo baten giltza gordetzen du, eta bakar baten faltan ezinezkoa da kutxa irekitzea. / Aimar Gutierrez Bidarte eta Jose Mari Gutierrez Angulo

1516an, botere feudal desberdinen gehiegikerietatik askatzeko nahiak bultzatuta, Larruazabal Batza osatzen duten lau herrixketako biztanleek haien “errepublikaren interesak defendatzeko” ordenantzak osatu zituzten, haien eskubide eta betebeharrak jasoz. Gure Esku Aiaraldeak “erabakitzeko eskubidearen adibidetzat” jo du gertaera hori.

Erabakitzeko eskubidea aldarri, iragana, oraina eta etorkizuna harilkatu ditu Gure Esku Aiaraldeak antolaturiko azken ekitaldiak. Ekainaren 16an dozenaka lagun elkartu ziren Belandiako elizan, duela bostehun urte baino gehiago Larruazabalgo Batza osatzen zuten herrixketako bizilagunek “erabakitzeko eskubidea praktikara” eraman zuten toki bertsuan.

Urduñako udalerriaren baitako lau herrixkek osatzen dute Larruazabal Batza: Mendeika, Belandia, Lendoñobeiti eta Lendoñogoiti. Lau herrixkek 114 biztanle biltzen dituzte guztira, baina, hedaduran, Urduñako barrendegiaren erdia hartzen dute.

Gertakarien eszenatokia

Eliza baino Erdi Aroko gotorleku itxura du Belandiako Santa Eulalia elizak, eta, inoiz funtzio hori bete ez duen arren, bere hormek Euskal Herriko ondasun higigarri zaharrenetako bat babestu dute mende luzez: Larruazabalgo Kutxa.

Jose Ignacio Salazar ikerlari eta historialariak eskaini zituen Kutxaren eta bertan gordetako dokumentuen gaineko zehetasunak, Gure Eskuk antolaturiko hitzorduan. Mexikon jaioa, Urduñako Udaleko idazkaria izan zen Salazar. Idazkari lanpostuak parez pare zabaldu zizkion Larruazabal Batzako ateak Salazarri; eta, bertako antolaketa administratibo bereziak erakarrita, pasioz eta maitasunez beteriko ikerketa abiatu zuen.

Larruazabalgo Kutxa

Galdera nahitaezkoa da; zer gordetzen du kutxa horrek hainbesteko interesa sortzeko? Zer zerikusi izan dezake horrek erabakitzeko eskubidearekin?

Bada Larruazabalgo Kutxak artxibategi funtzioa betetzen duen haritz baten enborra da. Lau giltzarrapok eta hainbat burdin barrek ixten dute kutxa, eta hau zabaltzeko ezinbestekoa da lau herrixketako alkateen presentzia. Alkate bakoitzak giltzarrapo baten giltza gordetzen du, eta alkateren baten faltan ezinezkoa da artxibategia zabaltzea.

Objektu berezia da, are dokumentu bereziagoak gordetzeko sortua: bertan gorde izan dira lau herrixketako biztanleek 1516ko maiatzaren 4an erredaktatu zituzten ordenantzak.

Objektu berezia da Larruazabalgo kutxa, are dokumentu bereziagoak gordetzeko sortua: bertan gorde izan dira lau herrixketako biztanleek 1516ko maiatzaren 4an erredaktatu zituzten “errepublika babesteko arauak”

“Errepublikaren defentsan”

Botere feudal desberdinen gehiegikerietatik askatzeko nahiak bultzatuta, lau herrixketako bizilagunek gehien komeni zitzaien forua aukeratu zuten. 1516ko ordenantzetan idatziz jaso zituzten bertako herritarren eskubide eta betebehar propioak.

Larruazabalgo Kutxan gordetako ordenantzen dokumentu horrek, lau herrixka horietako ondasun publikoak antolatzeko eta babesteko arauak jasotzen ditu hemeretzi kapitulu desberdinetan; hala nola nekazaritzari, abeltzaintzari edota mendien zaintza eta ustiapenari buruzko arauak. Funtsean Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Mendeika eta Belandiako “errepublika babesteko arauak”.

Eta bai, errepublika hitza erabili zuten 1516 hartan, lau herrixkek osatutako entitatea definitzeko: interes publiko eta komunalaren adierazle.

Duela bostehun urte idatzitako arauek eta lau herrixkek osatutako egitura juridikoak, administrazio handiagoen esku-hartzeetatik babestu ditu Larruazabalgo biztanleak mende luzez, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti, Belandia eta Mendeikako idiosinkrazia bizirik mantenduz. 

Historia liburuetatik kanpo geratu bada ere, duela bostehun urte Larruazabalen gertatutakoa aldarrikatu zuen Jose Ignacio Salazarrek bere hitzartzean: “eguneroko bizitzako kontuak eta auzokideen arteko harremanak ez dira maiz izaten historialarien ikerketa iturri, baina horrek ez die garrantzia kendu behar. Larruazabalgo Kutxan gordetako dokumentuei esker, gure aurretik bizi izan diren herritarrek hitz egiten digute”.

Herri libre bat helburu

Gorobel mendilerroaren oinetan, Belandia eta Oletako landak lotzen ditu Sopeñako bideak, antzinako eskualdeko komunikazio bide nagusi izandakoa. Hiribilduak, herrixkak eta herritarrak lotzen zituen modu berean, erabakitzeko eskubidearen sinbolo bilkatau nahi du Gure Eskuk.

Datorren ekainaren 30ean urteroko hitzorduari helduko diote Oletako landetan; erabakitzeko eskubidearen aldeko festa egingo dute bertan.

Larruazabalgo biztanleek 1516an egin bezala, Euskal Herritarrek ere haien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatuko dute; “herri libre bat helburu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide