“El bus de la vida” filmaren estreinaldia egingo dute ostegunean Urduñan

Maider Ramirez Martin 2024ko uzt. 1a, 18:10

Dani Rovira, Susana Abaitua eta Elena Irureta dira filmeko protagonistak. / EPC

Martxoan ekin zioten filma Urduñan grabatzeari, eta asteazkenean estreinatuko da zinemetan.

Uztailaren 3an helduko da pantaila handira Ibon Cormenzanak zuzendutako El bus de la vida filma. Urduña da pelikularen eszenatoki nagusia, eta estreinaldiaren biharamunean, ostegun honetan, proiekzioa egingo dute 22:00etan, Foru plazan. Euria eginez gero Antzinako Andra Maria ikastetxean izango da emanaldia. Proiekzioaren ostean, filmean agertzen diren abestiak entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek.

Dani Rovira eta Susana Abaitua aktoreak dira Cormenzanaren azken lanaren protagonista nagusiak. Horietaz gain, Elena Irureta, Antonio Durán “Morris”, Nagore Aramburu, Amancay Gaztañaga eta Andrés Gertrúdix ere agertzen dira ikus-entzunezkoan. Benetako istorio batean oinarritutako filma da El bus de la vida, eta Cormenzana beraz gain, Eduard Solà ere aritu da gidoia idazten.

Filmaren sinopsia

Andres (Dani Rovira) Euskal Herriko herri batean irakasle lanetan hasiko den madrildarra da. Berrogei urte bete berri ditu eta musikaria izateko zuen ametsa gero eta urrunago dagoela sentitzen du. Gainera, bere lehenengo eskola egunean burrunba ozen bat entzuten du belarrian, eta konortea galtzen du. Zalantzarik ez dago: minbizia dauka. Tratamendua jasotzeko inguruko herrietako pazienteak Bilboko ospitalera daramatzan autobusa hartu beharko du Andresek. Bertan ezagutuko du Mai gidaria (Susana Abaitua) eta baita ospitalerako bidea egin behar duten beste paziente batzuk ere. Haiekin partekatutako esperientzia, beldur eta bizipenei esker, musikari izateko nahia betetzeko indarrak hartuko ditu protagonistak.

Musikak zeharkatutako film bat

Presentzia handia dauka musikak Cormenzanak zuzendutako pelikulan. Manuela Vellések egin ditu jatorrizko abestiak, baina beste musikari eta taldeen abestiak ere entzun daitezke filmean, Los Chikos del Maíz, Chill Mafia, Rigoberta Bandini, Fito y Fitipaldis edo Kase.O artistenak, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide