"El bus de la vida" filmaren aurrestreinaldiak giro liluragarria sortu du Urduñan

Maider Ramirez Martin 2024ko uzt. 5a, 18:20

Herritar mordoa hurbildu zen atzo gaueko hamarretan Urduñako Foru plazara. Filma ikusteaz gain, zuzendari eta antzezleen hitz batzuk ere entzuteko aukera ere zuten. Filmeko hainbat kanten zuzeneko emanaldiak borobildu zuen gaua.

Aulki bana hartu eta plazara abiatu ziren bart ehunka urduñar. Pantaila erraldoi bat zegoen hantxe haien zain, martxoan hirian filmatu zuten Ibon Cormenzanaren El bus de la vida pelikula proiektatzeko prest.  

Filmarekin hasi baino lehen, ordea, Cormenzana beraren eta filmaren antzezle-taldearen parte diren Susana Abaitua, Elena Irureta, Pablo Scapigliati eta Julen Castilloren txanda izan zen, eta esker oneko hitzak zuzendu zizkieten Urduñako hiritarrei.

Barre eta malko artean igaro zuten hurrengo ordu eta erdia, eta Urduñako hainbat kale eta paisaiez gain, hiritar asko ere ikusi ahal izan zituzten pantaila handian. Behin proiekzioa amaitu zenean, Dani Rovira protagonistaren bideo batek harritu zituen bertaratutakoak. Rovirak ere eskerrak eman nahi izan zizkien urduñarrei.

Gaua borobiltzeko, oholtzara igo ziren Manuela Velles, filmeko jatorrizko abestien sortzailea, eta beste aktore batzuk, Pablo Scapigliati eta Julen Castillo tartean. Pelikulan agertzen diren kantak abestu zituzten eta giro ederra eraman zuten Urduñako plazara.

Gaur iritsi da filma zinema areto komertzialetara. Hemen ikusi daiteke trailerra:

Argazkiak: @victor_frames ©

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide