Ezustea hartu dute Aiaraldeko hainbat gidarik gaur `Barrerillako mendateko' errepidea zeharkatzen saiatu direnean. Izan ere, irudian ikus daitekeen moduan, ezinezkoa zen handik igarotzea.
Ertzaintzak azaldu duenez, atzo gauean, 22:45ak aldera, kamioi batek istripua izan zuen bide horretan -A-2521 Araban eta Bi-2521 Bizkaian-. Berez, ez zen zauriturik egon, baina ibilgailua matxuratu zen.
Gauzak horrela, atzo ezin izan zuten tokitik erretiratu eta gaur egin dute. Goizeko lehen orduetan Ertzaintzak lehen deiak jaso izan ditu, baina ez zuen informaziorik bidearen egoerari buruz. Izan ere, trafikoa etetea ez zen izan poliziaren erabakia, baizik eta Obra Publikoena.
Azkenean, 11:00ak aldera berrezarri dute trafikoa, behin kamioia eramanda eta azpiegituran garbiketa eginda.