Hamabi urteko ibilbidearen ostean, Urduñako hainbat abeltzainek lortu dute azkenean Belardi hiltegi eta eraldatze zentroa irekitzea. Ez dute irailaren 21era arte inauguratuko, baina lehen probak egin dituzte dagoeneko eta lehen sektorerako bitartekoa prest dago erabilerarako.
Une hauetan langile bakarra daukate, baina Mikel Kormenzana Bedarbide elkarteko presidenteak argitu du lan karga handitzen den neurrian kontratatuko dutela jende gehiago. Esaterako, irailean bertan laguntzailea izango du egungo beharginak, zeinak hiltzen, zatitzen eta enpaketatzen duen.
Berez, uztailaren erdian hasi ziren lehen sakrifizioekin eta bi hilabete hauek baliatuko dituzte denak ondo funtzionatu dezan. Abuztuan, adibidez, eguzki plakak jarriko dituzte teilatuan burujabetasun energetikoan sakontzeko eta kanpotik ere margotu nahi dute eraikina.
Horrez gain, garraiorako ibilgailuak desinfektatzeko tresneria instalatuko dute. “Zerbitzu hau garrantzitsua da eta erakundeek eskatzen digute, baina ez da erraza lortzea”, argitu du Kormenzanak.
Azpiegitura eta zerbitzuak
Urduñako azpiegitura aitzindaria da Espainiako Estatuan eta ezaugarri malguetako lehen hiltegia da. 2020ko amaieran hiltegi txikien baldintzak malgutu zituen Espainiako Gobernuak eta zirrikitu hori aprobetxatu dute Belardin. “Hemen animaliek ez dute gaua edo denbora igarotzen, zuzenean ekartzen dira sakrifikatzeko, ez dago kortarik”, nabarmendu du Kormenzanak.
Tamaina ezberdineko animaliak (behiak, zaldiak, txerriak, ardiak, arkumeak…) hiltzeko tresnak ez ezik, haragia zatitzeko, enpaketatzeko, sukaldatzeko, eraldatzeko (kroketak, saltxitxak, odolosteak edota lukainkak egiteko) eta izozteko azpiegiturak ere badaude, abeltzainentzat. Halaber, salmenta puntua prest dute, berehala irekitzea aurreikusi ez duten arren. “Produktuak eta bezeroak daudenean irekiko dugu”, aurreratu du abeltzainen elkarteko kideak.
Laudioko Udalak hitzarmena sinatuko du elkartearekin, abeltzain laudioarrek bazkide tratua lortzeko.
Gizartera begira
Edonola ere, ezin da ahaztu Belardik baduela eraldaketa soziala bultzatzeko asmoa. Horregatik, hain zuzen, trebakuntza gela bat daukate mikrofono eta pantailekin, lehen sektoreko eragileei formazioa eskaintzeko, eta ez hori bakarrik. Tokia irekita egongo da eskatzen duten elkarteentzat.
Gainera, Urduñako adingabeen zentroko gazteek bertan ikasteko programa jarriko dute martxan.
1.500.000 euroko inbertsioa
Laudioko hiltegia itxi zutenetik, agerian geratu da Aiaraldean premiazkoa zela lehen sektorearen beharra hiltegia izateko. Belardiko kideak lanean ari ziren aspaldi. Inbertsioaren % 40 erakunde publikoek hartu duten euren gain, eskualdea sozioekonomikoki suspertzeko larrialdiko planaren bitartez, baina diruaren gehiengoa abeltzainek eurek metatu dute. Zehazki, gastu osoaren % 30 fundazioen finantzazioa bilatuta lortu dute eta beste % 30 abeltzainek eurek aurreratuta (% 10 kredituen bitartez eskuratu dute).
Egun 35 bazkide dira Belardin eta dozena erdi eskaera gehiago heldu zaizkie. Horrez gain, Laudioko Udalak hitzarmena sinatuko du elkartearekin, abeltzain laudioarrek bazkide tratua lortzeko. Hau da, lehentasuna eta zerbitzu merkeagoak izango dituzte. Tokiko erakundeak berak azaldu duenez, 100.000 euro ordainduko dituzte lau urtetan, eta horren truke Laudioko abeltzainek hurrengo 15 urtetan zehar erabili ahalko dute azpiegitura.
Mikel Kormenzanak azpimarratu du irabazi asmorik gabeko elkartea osatzea izan dela hautua, sortzen den diru guztia lehen sektorean eta azpiegituretan inbertitzeko eta jende gehiagok proiektu berriak abiatu ditzan.