Asier Castilla txirrindulariak agur esan beharko dio Lehendakari Txapelketako lidergoari, erorketa eta lesio larria izan ostean

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 9a, 15:30

Asier Castilla urduñarra, artxibo irudi batean. / @LABORALkTeam

Larunbatean podiuma zapaldu eta gero, erorketa izan zuen atzo Asier Castillak Urdulizen. Hori dela eta, amaitutzat jo beharko du denboraldia zapore gazi-gozoarekin, istripua sasoi onenean zegoenean gertatu baita, Lehendakari Txapelketako lidergoa berea zenean, alegia.

Asier Castillak zoritxarreko eguna izan zuen atzo. Laboral Kutxako txirrindularia Urdulizen erori zen eta lepauztaia hautsi zuen. Ondorioz, denboraldia bukatu da urduñarrarentzat eta ezingo du aurtengo denboraldia borobildu.

Izan ere, Castilla 23 urte azpiko Lehendakari Txapelketako sailkapen orokorreko liderra zen eta bere esku zegoen saria irabaztea. "Aintzat hartuta azken lasterketetan ezingo dudala parte hartu eta orain arte lortu dudan abantaila, uste dut, ziurrenik, hirugarren amaituko dudala", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Asteburua, dena den, ondo hasi zen eta kirolaria podiumera igo zen berriro, hirugarren sartu baitzen Baranbioko lasterketan. Bere atzean Ander Ganzabal orozkoarrak zeharkatu zuen helmuga.

Guztira, sei aldiz kokatu da Asier Castilla lehen hiruren artean udan, baina azken orduko ezbeharrak txapeldun izateko aukera kendu dio. Urduñarrak pazientziaz hartu du gertatutakoa: "Lepauztaia apurtu dut, egia da, baina ondo nago. Kirola horrelakoa da batzuetan eta hau egokitu zait. Orain dagokidana da atseden hartzea, osatzea eta pare bat hilabetetan hurrengo denboraldian pentsatzen hastea eta topera entrenatzea".

Denboraldi gorabeheratsua

Castillak gogor entrenatu du urte osoan, eta denboraldi zaila izan du: "Oso ondo prestatu nuen nire burua neguan, entrenamendu gogorrekin. Baina, hasi eta gutxira, martxoan, bi erorketa izan nituen. Gero lesio bat izan nuen maiatzean. Azkenean, uztailera arte ez dut sasoia berreskuratu. Sei podium eskuratu ditut eta egindako lanak emaitzak eman ditu, baina lehen lesioaren erruz, nekez hartu dut erritmoa".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide