Urriaren 4, 5 eta 6an III. Asteburu Gorria antolatu dute ADI Emakumeak eta Vulvalore elkarteek, Tertanga aterpetxean. Bertan, hilekoaren hezkuntzari buruzko hainbat jarduera egingo dituzte: jinkana, tailer didaktiko eta sortzaileak, autoezagutza eta konfiantza dinamikak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehenengo astean bete ziren plaza guztiak. Gauzak horrela, “ondo pasatzea eta burujabe izatea” da haien helburuetako bat: “segurtasunarekin eta pozik joan daitezela duten gorputz zoragarriarekin, eta lehenengo hilekoa jaisten zaienean positibotasunez bizi dezatela. Haien gorputzak naturaltasunez eta maitasunez sentitzea nahi dugu, autoezagutza eta maitasuna”.
Asteburuan, neskek “beldurrik gabe” hitz egingo dute beren gorputzei buruz, eta entzun gabeko hitzak eta kontzeptu berriak entzuten dituzte: “Bulba hitza beldurrik gabe erabiliko dute, eta gorputzaren atal desberdinak haientzat hain ezagunak ez direnak hobeto ezagutuko dituzte”.
Heltzen direnean “zalantza eta ezjakintasun handiekin” egongo diren arren, egun horietan sortzen den giroa “intimoa eta askatasunezkoa” da. “Eta nahiz eta hasieran lotsa sentitzen duten, denbora gutxitan konfiantza hartuko dute eta gauza asko galdetuko dizkigute”, azaldu dute.
Bestalde, “neska batzuek badakite gutxi gorabehera nola funtzionatzen duen haien gorputzak, eta beste batzuek, aldiz, ez dute informazio askorik. Batzuei nazka ematen die, beste batzuek bulba lotsaz aipatzen dute…denetarik dago”. Antolatzaileen ustez, proiektu hau oso garrantzitsua da tabuak kentzeko eta norberaren gorputza maitatzeko eta ezagutzeko.
"Proiektu hau oso garrantzitsua da tabuak kentzeko eta gure gorputzak maitatzeko eta ezagutzeko".
Izan ere, “kulero batean konpresa bat jartzea edo tanpax nola jartzen diren jakitea bezalako ekintza sinple bat oso garrantzitsua da neskentzat, maitasuna eta komunikazio gaitasuna indartzen zaie eta nahasmen gutxiagorekin joaten dira”.
Asteburu Gorrirako bideratutako material didaktiko berezia erabiltzen dute, ikutu, erabili, desmontatu eta montatu daitekeena: panpinak, maketak, irudi grafikoak… “Horrela, neskek, zentzumen guztien bitartez jakinduria jasotzen dute, alaitasun, maitasun eta humorezko giro batean”.
Hau da, “hezkuntza bizian” oinarrituko dira: “sormena, askatasuna eta jolasaren bitartez askoz hobeto ikasten dela uste dugu”. Horri esker, “oso argi geratzen zaie hilekoak haien bizitzak aldatuko diela, aldi berean emakumeen sexu aparatua sakon ezagutuko dute eta izendatzen ere ikasiko dute”.
Gizartean, ezjakintasuna nagusi
Hezkuntza menstruala oso garrantzitsua da, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, “gizartean, hilekoa emakumeon kontu pribatu bat bezala bizi da oraindik. Orain arte, isiltasunean eta ezjakintasunean bizi behar izan dugu, gizartearen kanpoko gauza bat izango balitz bezala”. Orain pixkanaka egoera aldatzen doa, neskak informazio gehiagorekin bizi ohi dute hilekoa, baina, hala ere, “eskoletan ez zaiola arreta jartzen” iritzi dute.
Gainera, “oraindik hilekoari inguratzen duen guztia ez da naturaltasunez bizi”, eta “hilekoa bezalako prozesu garrantzitsua ez da gai sozial garrantzitsu bat bezala jasotzen”.
Beraz, hilekoa biztanleriaren ehuneko erdiak bizi duenez, “beharrezkoa ikusten dugu gizartea berak ulertzea, zeintzuk diren gure beharrak, zer eragina duen gure egunerokoan eta gure harremanetan, nola bizi izaten dugun .. azken finean gizonak dira emakumeak bizi garen mundua antolatu dutenak, eta hori desabantaila da emakumeentzat”.
Plaza guztiak beteta dauden arren, beste aukera bat izango dute interesa dutenek. Izan ere, azaroan berriro errepikatuko dute kanpamentu gorria Urdaibain. Adi Emakumeak eta Vulvalore elkartekoak batu dira proiektu horretan, eta jasotako erantzunarekin “oso pozik” daudela aitortu dute.