Sinadura bilketa abiatuko dute Aiaraldea osoan osasun sistema “publiko eta duina” aldarrikatzeko. Hala jakinarazi dute gaur goizean Urduñako Kontsultategiaren aurrean eginiko agerraldian. Aiaraldeko hainbat herritako bizilagunak bildu dira bertan, Osakidetzan dagoen arazoa eskualde osoan pairatzen dela azpimarratuz.
Salatu dutenez, azken urteetan “murrizten eta ahultzen” joan dira Aiaraldeko Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuko baliabideak, “eta ez soilik opor sasoietan”.
Bi arazo zehatzetan jarri dute begirada. Alde batetik, azaldu dute azken urteetan “erabat normalizatu” dela “Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku gabe jardutea”. Bestetik, anbulantzietan ere medikuak falta izan direla nabarmendu dute. “Ikusi dugu baita ere, behin baino gehiagotan, gure eskualdeari zerbitzua eman behar zion anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon dela, eta Barrualde-Galdakaoko beste anbulantzia medikalizatua ere egon dela medikurik gabe. Kasu horietan, Erakunde Sanitario Integratu guztia geratu da larrialdietarako zerbitzu egoki gabe”, ohartarazi dute.
“Eskualdeko gainontzeko herrietan ere” pairatu dute “Lehen Mailako arretak izandako gainbehera", eta osasun publikoaren beste esparru batzuetan ere nabaritu da.
Horri lotuta, gogora ekarri dute Laudion aurten bi pertsona hil direla testuinguru horretan: “Agian, osasun zerbitzuak %100ean egonda ere gertatuko lirateke ezbehar horiek, baina osasun zerbitzuak uneoro egon behar dira ehuneko ehunean; eta larrialdietarako prestatuak dauden zerbitzuek garaiz eta behar den dotazioarekin artatu behar dituzte larrialdiak. Ezin dute zalantzarik eragin, eta tristea da pentsatzea ea zer gertatuko litzatekeen egoera beste bat izango balitz”.
Baina mediku gabeziatik harago doa arazoa, agerraldian salatu dutenez. “Eskualdeko gainontzeko herrietan ere” pairatu dute “Lehen Mailako arretak izandako gainbehera", eta osasun publikoaren beste esparru batzuetan ere nabaritu da, "Buru Osasunerako Zentroko zerbitzuan, kasu”.
Lau aldarri zehatz
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, orain arte ez da “neurri zuzentzailerik” hartu eta “geroz eta ahulagoa” da Aiaraldeko egopera “Osakidetzako baliabideei dagokionez”. Gauzak hala, lau aldarri zehatz plazaratu dituzte sinadura bilketari begira:
- Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionala, baita medikuak ere. Era berean, eskualdean dauden Osakidetzako gainerako azpiegituretan ere behar diren giza baliabide guztiak uneoro bermatzea eskatzen dugu.
- Laudioko anbulantzia medikalizatuko (SVA) txanda guztietan beharrezkoak diren osasun profesional guztiak bermatzea, medikuak barne.
- Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea exijitzen dugu, herritarrok zerbitzu horietarako eskubidea baitugu.
- Eskatzen dugu Buru Osasunerako Zentroko arreta arina izatea, psikiatra zein psikologoagatik artatuak izateko itxaron zerrendak murriztuz. Buru osasun arazoak dituzten pertsonek eskubidea dute kalitatezko arreta jasotzeko.
Sinadura bilketara batzeko deia
Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dute asko dela “jokoan dagoena”, eta “jende ororen inolikazioa” behar dela osasun sistema publiko eta duinaren aldeko borrokan. Gauzak hala, sinadura bilketan aktiboki parte hartzeko deia luzatu diete eskualdeko bizilagun guztiei. Horretarako, posta elektroniko bat jarri dute interesdunen eskura: aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com. “Animatu laguntzera sinadurak jasoz zure lantoki, eskola, herri edo auzoan”.