Urduña City Cross lasterketa jaia bilakatuko dute bihar

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko urr. 11a, 12:29

Txirrindulariei mozorrotzeko deia luzatu diete Turbocross proban. / Aiaraldea.eus

Goizeko 09:30ean hasiko da eguneko lehen lasterketa umeen eskutik, eta arratsaldeko 19:30etara arte iraungo dute probek zein ekitaldiek Urduñan. Gainera, Turbocross lasterketa berria egingo dute, lehiaketatik kanpo.

Bihar Urduña City Cross 2024 egingo dute Foru Plazan eta inguruetan. Hiriguneak eta landa-eremuak uztartuz, 3.300 eta 3.400 metro bitarteko erronka-zirkuitua sortuko dute. Hain zuzen ere, Foru Plazatik, harresitik, Harategi kaletik eta Juan de Garay kaletik igaroko da, eta Foru Plazan amaitu. Kirolez eta jai-giroz beteriko eguna izango da.

Goizeko 09:30ean emango diote hasiera aurtengo City Crosss-ari, eta eguerdiko 12:00ak bitarte Txiki Kopa jokatuko dute eskola kiroleko umeek. Jarraian, 12:30ean, Kadeteen txanda izango da, 13:15ean, berriz, Gazteena, 15:00etan Masterrak ibiliko dira, eta 16:00etan OPEN emakumezkoak. 

Arratsaldeko 17:15ean Turbocross lasterketa berria egingo dute, ez da lehiakorra izango eta ehun txirrindularik bi itzuli emango dizkiote zirkuituari. Eredu hau publiko guztiarentzat pentsatuta dago eta kirolaren dibertsioa eta gozamena sustatzea du helburu.

Parte-hartzaileek mozorrotuta, taldeka edo banaka, MTBko bizikletekin edo ziklo-krosekin lehiatu dezakete eta horrek sormenez eta alaitasunez betetako ikuskizuna bermatzen du.

Arratsaldeko 18:00etan Elite eta Sub 23 kategorien txanda izango da, eta 19:30ak aldera emango zaio bukaera aurtengo Urduña City Cross-ari.

Kaleetan trafikoa etengo dute

Hainbat kaletan trafikoa ez da baimenduta egongo proba dela eta. Goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara, Harategi, Burgos, Zaharra, Correos, Juan de Garai, Adoberias eta Foru Plaza errepideetan ezingo dira igaro ibilgailuak, eta oinezkoentzako sarbidea baino ez da egongo.

Beraz, Harategi kaletik ezingo da autoa atera proba bukatu arte, Juan de Garai auzoan ibilgailua aparkatuta duten bizilagunek Tras Santiagoren atzetik (harresiaren ondotik) irteera izango dute.

Bestalde, Udalak bandoak jarriko ditu trafiko-mozketengatik kaltetutako atarietan.

Jai-giroa

Egun osoan Foru Plaza jai giroak hartuko du, txosna, kontzertuak eta beste hainbat ekintza egongo baitira. Bi pasabide jarriko dira, ikusleak plazaren erdira sar daitezen lasterketa ikusi ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide