LAB sindikatuak prentsa oharra zabaldu du atzoko lan heriotza salatzeko. Izan ere, Loiun Amiantec 3000 enpresarako lanean ari zela, 47 urteko gizonezko bat teilatutik erori eta hil zen. Langileen erakundeak azpimarratu du gertakaria ez dela kasualitatea izan eta duela urtebete konpainiaren kontrako salaketa jarri zutela, lan ikuskaritzak esku har zezan, baina ikuskariek soilik berretsi zuten langileek behar bezalako informazio eta formakuntzarik ez zeukatela eta azterketa mediku egokirik egiten ez zietela. Horren harira, sindikatuak azpimarratu du ikerketa sakonagoak egin behar direla.
"LAB sindikatuan susmoa dugu Amiantec 3000 enpresak, amiantoa kentzeko lanetan jarduten duenak, ez dizkiela langileei lan baldintza egokiak bermatzen eta langileen osasunaren eta ingurumenaren kontrako jarduerak egin izan dituela. Susmo hau egia bihurtuz joan zen, bertan lan egiten zuten hainbat langile LABeko kideekin harremanetan jarri eta bertan ikusi eta jasan zituzten praktiken berri eman zietenean", zabaldu dute.
LABen hitzetan, "hainbat izan dira enpresa horretan lanean hasi eta hortik gutxira enpresa utzi duten langileak, bertako praktikak ikusi eta pairatu ostean".
Sindikatuak salatu du Amiantec 3000 enpresaren ohiko praktikak honakoak direla:
- Amiantoaren eraginpean jartzearen aurrean neurri egokirik ez hartzea.
- Desamiantatze plan egokirik ez egotea.
- Amiantoa kendu, mugitu eta biltegiratzeko neurri egokirik ez egotea.
- Langileek ekipo egokirik ez izatea desamiantatze lanak egiteko.
- Norbera babesteko ekipo egokirik ez izatea (amiantorako espezifikoak zein orokorrak).
- Gehienezko lanorduak ez errespetatzea, orokorrak zein amiantoarekin lan egiteko espezifikoak.
- Fitxaketa sistema egokirik ez egotea.
- Langileek lan osasun eta prebentzioan formakuntzarik ez jasotzea.
- Informazio eta formakuntza orokor eta espezifiko nahikorik ez jasotzea.
- Mediku azterketa egokirik ez egitea.
- Langileen kontrako zigorrak eta presioak egotea.
- Higiene, garbiketa eta deskontaminazio egokirako neurririk ez egotea.
Prekarietatea
Horri guztiari, LABek gehitu dio enpresako lan baldintzak oso prekarioak direla ekonomikoki ere eta hainbat langile migratu eta arrazializatuen egoera zaurgarriaz baliatzen dela horretarako.
Gauzak horrela, sindikatuak ezinbestekotzat jo du mobilizatzea eta bihar, osteguna, egongo diren bi manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu du. SOS Aiaraldeak antolatu du bihar 19:00etan egingo dena Urduñan (Foru plazan) eta Loiun ere protesta egongo da 19:30ean.
Atzoko heriotza
M. L. urduñarra atzo zendu zen amiantoa kentzeko altuerako lanak egin bitartean Loiuko GECSA Conductores y Conexiones Especiales S.A. enpresan. Berez, azpikontratatua zegoen han eta Amiantec 3000eko behargina zen.
47 urteko gizonezkoaren lan heriotza ez zen bakarra izan Euskal Herrian atzo: Nafarroako Olleta herrian telefonia poste zahar batean kobrea kentzen ari zen langile bat bertatik erori eta hil zen baita ere.
Azken 10 urteetan Euskal Herrian 81 pertsonek galdu dute bizia antzeko erorketen ondorioz, 8 guztira aurten. Gainera, 2020an antzeko istripua jazo zen Zorroza Gestión de Residuos enpresan, Murgan. Bassirou Dione gaztea zendu zen teilatutik erori eta gero eta lau urte geroago, konpainiako arduradunek onartu zuten gorpua mugitu zutela gertatutakoa estaltzeko.