Urduñako Foru plazako karpa bete dute asteartean Loiun jazotako lan heriotza salatzeko. Mohamed Lazraq da hildako behargina, 47 urteko urduñarra. Bere argazki bat jarri dute gaur arratsaldean eginiko elkarretaratzearen buruan, “Prekarietatea hiltzailea” lemadun pankartarekin batera.
Lan heriotzen atzean ezkutatzen den prekarietatea salatzea izan da, hain zuzen, gaurko mobilizazioaren xedeetako bat. Izan ere, plazan salatu dutenez, “Urduñako bizilagun honen heriotza ez da kasualitatea”, eta saihestu zitekeen, “babes- eta prebentzio-neurriak benetakoak balira”.
📸 ARGAZKIAK | Ehunka lagunek salatu dute Mohamed Lazraq urduñarraren heriotza, Loiun gertatutako lan istripua ekidin zitekeela nabarmenduta.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) October 18, 2024
Ikusi argazkiak hemen:https://t.co/3fyuI2Ppih pic.twitter.com/1iQNiBqZ9l
Amiantec 3000 enpresan ere jarri dute begirada, konpainia horrentzat baitzegoen Lazraq lan egiten Loiuko GECSA Conductores y Conexiones Especiales S.A. fabrikako teilatutik erori zenean. “Tamalgarritzat” jo dituzte Amurrioko enpresa horretako lan baldintzak, eta hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: “Amiantoarekin tratatzeko ekipamendu egokirik ez izatea (oso material kantzerigenoa denean), baldintza horietan lan egin daitezkeen gehieneko orduak gainditzea, zereginak betetzeko behar adinako prestakuntzarik ez jasotzea, higiene- eta deskontaminazio-neurri eskasak egotea, proba mediko egokirik ez izatea, langileei presio eta zigorrak ezartzea, eta abar luze bat”. Horri lotuta, gogorarazi dute aipatutako egoerak duela urtebete salatu zirela Lan Ikuskaritzan.
Horri lotuta, nabarmendu dute “langile migratuek eta arrazializatuek jasaten duten egoera zaurgarriaz” baliatu dela Amiantec 3000. “Hau ere ez da kasualitate bat”, ziurtatu dute.
Bukatzeko, “enpresa eta instituzioen utzikeria” salatu, eta ardurak eskatu dizkiete laneko segurtasunaren esparruan eskumenak dituzte erakunde publiko eta organismoei, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea “betetzeko dagoela” azpimarratuta.
Gorpua aberriratzeko diru bilketa
Lazraqen senideek ere hartu dute hitza elkarretaratzearen amaieran, bertaratutako guztiei eskerrak emateko. Herritarrek diru bilketa jarri dute abian heriotzaren ondoriozko gastuei aurre egiteko, familiak gorpua aberriratu ahal izan dezan, besteak beste. Dohaintzat egiteko kutxa egon da elkarretaratzean, eta ostiral osoan egongo da Urduñako Herri Ikastetxean.