Urduñako Udalak euskara sustatzeko kanpaina abiatu du hiriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu enpresetan. Idatzizko komunikazioan euskararen presentzia bermatzea eta ahozko harremanetan euskara sustatzea ditu helburu. Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte horretarako.
Lehendabizi, establezimenduak bisitatuko dituzte egoera linguistikoaren diagnostikoa egin ahal izateko. Ondoren, baliabideak eskainiko dituzte, hala nola itzulpen zerbitzuak, kanpo errotulazioetarako dirulaguntzak eta euskara ikasteko ikastaro laburrak. Informazio gehiagorako Udalaren Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko da harremanetan euskara@urduna.com emailaren bidez edo 945 38 30 03 telefonora deituta.
Bestetik, zabalik dago diru-laguntzak eskatzeko epea 2023-24 ikasturtean edo 2024ko udan euskara ikastaroetan parte hartu dutenentzako. Azaroaren 16ra arte eskatu ahal izango dira bekak. Eskabideak esteka honen bidez edo Udaleko sarrera erregistroan egin beharko dira. Ordutegia 9:00etatik 13:00etara da, astelehenetik ostiralera.
Hau da bekentzako aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Eskabide orri normalizatua
- Matrikularen ordainagiria
- Euskaltegiko aprobetxamendu ziurtagiria
- NANaren fotokopia
- Lan bizitzaren ziurtagiria
- Hirugarrenen alta orria (banketxeak sinatzea derrigorrezkoa da)