Nola bururatu zitzaizuen Valentziara jaistea?
Ikusi genuen gertatu zena eta jendea txarto pasatzen ari zela. Guk makinak eta esperientzia ditugunez, badakigu lagundu dezakegula. Hortaz, kamioi eta kargatzeko makina bana hartu genituen. Gure lekua orain Valentzia da. Horrela, igandean 03:30ean abiatu ginen hara.
Orduan hemen zenituzten lanak atzeratu dituzue?
Bai, Urduñan geratu dira ditugun pare bat langile, beharra egiten, baina lan ugari atzeratu behar izan ditugu. Dena den, hitz egin dugu bezeroekin eta azaldu diegu hemen gaudela. Gehienek ulertu dute, askok bazekiten eta animatu gaituzte eta hurrengo asterako aurreikusitako lan batzuen bezeroek esan digute lasai egoteko, ez dagoela arazorik.
"Gure lekua orain Valentzia da. Egin behar genituen lan batzuk atzeratu ditugu eta bezeroek ulertu dute"
Zer eraman duzue zehazki?
Kamioi bat eta makina bat zamak kargatzeko. Horrekin lan eta lan ari gara edozeinekin: beste makina batzuk gure kamioian kargatzen, beste langileekin... Excavaciones Beltrango jendearekin ere gaude, Zallakoak direnak. Denok batera gabiltza hau aurrera ateratzen.
Non ibili zarete?
Gehienbat bi tokitan: Catarrojan eta Alfafarren.
Esaten dute Alfafarren bitarteko falta zegoela.
Egoera jadanik erdi bideratuta dago, baina topatu duguna drama hutsa da, tragediaren sinonimoa. Ikusten dira gabeziak eta jendeak galdu duena ekonomikoki zein, bereziki, psikologikoki. Ezagutu ditugu etxeak edota negozioak galdu dituzten lagunak. Telebistan ikusitakoa eta imajinatutakoa baino askoz okerragoa da hemen topatu duguna.
Nolakoa izan da harrera?
Txaloka hartu gaituzte. Oso eskertuta dago jendea eta uneoro dauzkagu kafea, otartekoak... valentziarrek negarrez ematen dituzte eskerrak.
Hemengo biztanleentzat itzela da ikustea Valentziaraino joan dela Euskal Herriko eta Aiaraldeko kamioi bat.
Behin eta berriro salatu dute kamioiak eta makinak falta zirela. Hasi dira heltzen?
Bai, hasi dira bitartekoak heltzen. Asko daude, baina kontuan hartu behar da kalteak izugarriak direla, kilometroak eta kilometroak. Gu egon gara lanean Aiaraldeko zabalera duen tarte batean eta oraindik falta dira kilometroak eta kilometroak.
"Hemengo biztanleentzat itzela da ikustea Valentziaraino joan dela Euskal Herriko eta Aiaraldeko kamioi bat"
Imajina ezazue Aiaraldea osoa, Arrankudiaga-Zollotik Altuberaino, dena lokatzez estalita. Eta hala ere herriak eta herriak falta dira eta udalerri txikienak 20.000 biztanle baino gehiago dauzka.
Zer egin duzue zehazki han?
Gu hona jaitsi ginen eta Alfafarren agertu ginen, ikusi genuen lehenengo lekuan. Makina deskargatu eta lan egiteari ekin genion edonorekin: boluntarioekin, poliziarekin, militarrekin... Auto bat kendu hemendik, hau kargatu, emakume bat bere ganbaratik jaisteko lokatza kendu...
Kamioiarekin joaten ginen herritik eta ikusten genuen lehen hondeamakina kargatu eta eramaten genuen, atsedenik gabe.
Orain antolakuntza apur bat hobea da, baina lehenengo egunean kaosa zen. Ahal zena egiten zen. Gaur ere oraindik horrela da, baina apur bat antolatuago dago.
Nolakoa izaten ari da egunerokoa?
07:00etan geratzen gara Punto de Mando Avanzado batean eta 20:30ak arte ari gara lanean. Gaur, adibidez, lan egin ondoren joan gara palak, kableak edota eguzki plaketako LED argiak erostera, kale askotan ez baitago argirik. Etxe batzuek argindarra dute, baina ez kalean.
Non egiten duzue lo?
Gaizka Molinuevok lagun bat dauka hemen, ikaskide ohia, eta Valentziako familia batekin gaude lotan. Bi seme-alaba dituzte eta bere autoeskolan lana amaitu ondoren, aita badator gurekin lan egitera.
Egindakoaren artean, zerk ematen dio zentzua egin duzuen bidaiari?
Gure lanaren funtsa da eskerrak jasotzea, laguntzea, gure lanak zerbaiterako balio izatea eta jasotzen ditugun eskerrak.
Latzena da ikustea pare bat ordutan milaka familien bizitzak pikutara joan direla. Dena galdu dute. Eta oraindik agertu behar dira desagertutakoak, haurrak ere falta dira. Jendea negarrez doa kaletik.
Bizum bidez eskatu duzue laguntza zuen jarduera babesteko.
Bai, bideo bat egin genuen igande arratsaldean, Urduñan kamioia kargatzen. Eskatu genuen jendeak ekarpena egitea Bizum bidez (657 70 11 17). Pare bat lagunek egindako dohaintzarekin eta gure bitartekoekin aurrera egiteko asmoa genuen, dena den.
Jendeak oso ondo erantzun du eta diru horrekin laguntza bideratzen ari gara: erregaia erosten, materiala, gertatzen diren matxurak kudeatzen...
Izan ere, Espainiako Estatu osoko lagunak joan dira traktoreekin, makinekin... Eta matxura mordoa gertatzen ari dira gurpiletan. Metro erdiko altuera duen lokatzean sartzen gara eta han denetarik dago: kristalak, bankuak...
Ondorioz, hondeamakinetan matxurak jazotzen dira. Guk gureak ez diren matxurak ere kudeatzen ditugu bidaltzen duten diruarekin. Boluntario etortzen den makina edo edozein traktorea laguntzen dugu.
"Bizum bidez ziur 5.000 edota 7.000 euroko laguntzak heldu direla Aiaraldetik"
Ez dakigu zenbat diru bidali duten Aiaraldetik. Hona etorri gara lanera eta telefonoa sutan dago. Gauzak jaso eta konpontzen ditugu, eta ez diogu Bizumari behar den moduan erreparatzen, baina ziur 5.000 edota 7.000 euroko laguntzak heldu direla. Dena den, dirua agortzen bada, gure patrikatik jarriko dugu.
Ostiral gauean itzuli beharko gara etxera. Seme-alabak ditugu eta faltan botatzen gaituzte.
Horrez gain, egunero 14 eta 16 orduz ari gara lanean eta nekatuta gaude. Are gogorragoa da emozionalki, egunero ikusten baitugu hondamendia.
Ostiralean bertan etorriko dira Aiaraldetik eta Durangotik gidariak gu ordezkatzeko. Makinak hemen geratuko dira eta beste bi alokatuko ditugu. Hemen ez dago makinarik, ezta Madrilen edota Zaragozan. Enkarterriko bi gazte ere etorri dira eta jo ta ke ari dira lanean dumper batekin.