KRONIKA

El Capitaneko granitoetan jarri du sinadura Tasio Martinek

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 18a, 07:00

Tasio Martin (eskuman) Mikel Inoriza eta Nil Alcubilla sokakideekin batera. / T.M.

Mendi espedizio eta eskalada bideen bitakora gizenduz eta gizenduz jarraitzen du Tasio Martin Elorrietak. Espainiako Alpinismo Taldean izandako hiru urteko esperientziaren ostean ortzimuga berrietan barrena dabil alpinista urduñarra. Estatu Batuetan dabil orain, bere sinadura utziz herrialdeko eskalada gune ezagunenetan.

Kirol ibilbide oparoa lorpen berri batekin jantzi du Tasio Martin Elorrieta alpinista urduñarrak: Golden Gate bide exijentea eskalatu du, Yosemiteko (AEB) El Capitan ospetsuan. 

Alpinismoan murgilduta

Kataluniako Mendi Federazioko Alpinismo Teknifikazio Taldean aritu ostean, Espainiako Federazioko Alpinismo taldeko kidea izan da Martin azken hiru urteetan, Mikel Zabalza alpinista nafarraren gidaritzapean. Ugariak izan dira azken hiru urteetan Martinek garatutako proiektu eta espedizioak. Horien artean aurkitzen da urte hasieran Patagoniako Cerro Torre mendi ezagunean egindako eskalada ikusgarria. Udan Pakistaneko K7 mendira jo zuen FEDMEko taldeak, eta istripu  arriskutsua pairatu zuen bertan alpinista urduñarrak. Sustoa gorputzetik uxatuta, ordea, balentrias balentria jarraitzen du Martinek, eta AEBtara salto egin aurretik, hiru urte hauetan Espainiako Alpinismo Taldea osatu duten mendizaleek Anso (Aragoi) bailaran eskalatzen agurtu ziuten zalantzarik gabe nekez ahaztuko duten kirol-etapa hau.

Yosemiten

Mundu osoko eskalatzaileen Meca bilakatu da Californiako (AEB) Yosemite parke nazionala. bertako granitozko haitz erraldoiak historiako eskalatzaile onenetarikoen balentriarik entzutetsuenen lekuko izan dira.

Balentria horien artean aurkitzen da Alex Honnold eskalatzaile estatubatuarrak 2017an El Capitan deituriko monolito granitikoan egindako eskalada. Alex Honnoldek haitz horretako 800 metrotako eta 7c+ zailtasuneko  Freerider bidea eskalatu zuen lau ordu baino gutxiagoan, inolako sokarik erabili gabe. 

El Capitaneko tontorrean amaitzen den 900 metrotako eta 8b graduko eskalada bidea eskalatu du Tasio Martinek: Golden Gate

Golden Gate

Alex Honnoldek eskalatu zuen harritzar berdinean, El Capitanen, utzi du bere sinadura Martinek. Golden Gate bidea eskalatuz. Hamar laguneko taldearekin joan da uduñarra Californiako parke nazionalera, eta lehenengo egunak eskalada bide laburrak igotzen igaro ostean, Golden Gate bidean sartu zen Mikel Inoriza eta Nil Alcubilla sokakideekin batera.

El Capitaneko tontorrean amaitzen den 900 metrotako eta 8b graduko eskalada bidea da Golden Gate. Huber anaiek ireki zuten bidea 2000ko urrian. Martinek, Inorizak eta Alcubillak zazpi eguneko lana behar izan zuten hau osatzeko. Librean eskalatu dute bidea, hau da, igoeran laguntzeko inolako materialik gabe (segurtasunerako materialaz gain). “Librean eskalatzeak ahalegin handiagoa eskatu digu —azaldu dio Tasio martinek Aiaraldea Komunikabideari—. Pakistaneko istripuaz geroztik minekin jarraitzen dut, eta banekien ez nengoela nire sasoirik onenean. Argi neukan ez nuela sokakideen progresioa moteldu nahi. Luze gutxi batzuk izan ezik, gehienak librean egitea lortu dut, eta izugarria izan da hori. Mikelek eta Nilek dena egin dute librean, eta horren lekuko izatea ere kristona izan da”.

Sei egun horman

Zazpi egunetan osatu dute Golden Gate bidea Tasiok eta bere kideek. Horietako sei horman eskegita igaro dituzte, lurrera jaitsi gabe.

Lehenengo egunean Freeblast deituriko zatiko bideak eskalatu zituzten. Yosemiteko eskalada ezagun askoren hasiera komuna da Freeblast. Bertako bideak eskalatuta, lurrera jaitsi ziren eta horman eskegita igarotzeko material guztia kargatu zuten. Guztira 100 kilo baino gehiago bildu zituzten petateetan, horien artean 50 litro ur baino gehiago. Bidean gora eskalatu ahala motxilak eta materiala ere igotzen aritu ziren. Lo ere horman eskegita egin zuten, horretarako hamakak baliatuta.

El Capitaneko luze gogor eta ezagunak eskalatu dituzte horman gora egindako sei egunetan: Monster Offwidth, The Move edota Golden Desert.

Ekaitza tontorrean

Azken egunean bideko luzerik gogorrenak kateatu zituzten. “Horman lo egitea zen asmoa, baina luze horiek garaiz gainditu genituenez aurrera jarraitzea erabaki genuen”, azaldu du urduñarrak. Tontorrera iristeko bi luzeren faltan zeudela, ordea, egundoko ekaitza lehertu zen hiru eskalatzaileen gainean.

“Horman eskegita geratu ginen blai-blai eginda. Ezin izan genuen hamaka montatu, toldorik ez geneukalako. Egundoko hotza egiten zuen, eta arroka bustita zegoenez ezin ginen eskalatzen atera —adierazi du Tasio Martinek—. Su txikiarekin berotu genituen eskuak, eta azkenena lortu genuen hamaka montatzea”. Une “kritikoak” izan zirela nabarmendu du Martinek, lagunak eta parke nazionaleko erreskate taldea abisatzera iritsi ziren ere. Baldintzak, ordea, oso konplexuak ziren, hiru eskalatzaileei edozein laguntza eskaini ahal izateko. Zailtasunak zailtasun, gaua hamaka estuan pasatzea lortu zuten, eta biharamunean inolako arazorik gabe gainditu zuten azken luzea.

Erronka berrien bila

Lortutakoarekin oso pozik eta asetuta azaldu da Tasio Martin Aiaraldea Komunikabidearen aurrean. “Izugarrizko esperientzia izan da niretzako. Lehenego aldia nuen hau Big Wall logistikarekin horma bat eskalatzen. Zazpi egun horman guztia soinean eramanda: ura, hamakak… kriston esperientzia izan da”, adierazi du alpinista Urduñarrak.

Yosemite atzean utzita, Estatu Batuetako eskalada gune berrietan ari da orain Martin, erronka berrien bila.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide