Urduñan ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 32. edizioa

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 12a, 21:00

Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaiaren aurkezpena Urduñako eskolan. / Aiaraldea.eus

2025eko ekainaren 1ean egingo da jaia, eta ohiko gune ibiltariaz gain, beste lau gune egongo dira: Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta eskola. Jai honek Urduñako eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzeko helburua du.

“Lurra, herria, eskola ERROTU” lemapean aurkeztu da gaur goizean 2025eko ekainaren 1ean Uduñan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia. Aurkezpenean Urduña Herri Eskolako IGEko eta zuzendaritzako ordezkariek, Urduñako Udaleko ordezkariak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak hartu dute parte. Bertan egon dira ere Aiaraldeko eskola publikoetako IGE eta zuzendaritzen ordezkariak. Ordiziaren lekukoa hartuta, indarrez dator Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia Urduñara.

“Jai honek gure eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzeko helburua du, gure belaunaldi berrien hazkuntza eta garapena bermatuz”, adierazi dute Urduña Herri Eskolako ordezkariek, eta gonbidapena luzatu dute: “Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia ospatzeko denon parte-hartzea ezinbestekoa da. Gonbidapena luzatzen dizuegu egun honetan parte har dezazuen eta gure helburu kolektiboen alde elkarrekin lan egiteko aukera aprobetxa dezazuen”.

Leloa eta irudia

“Lurra, herria, eskola ERROTU” da jaiaren leloa. Lelo honen bidez lurrean eta herrian txertatuta dagoen hezkuntza-eredu publikoa aldarrikatu nahi dutela azaldu dute.

  • LURRA: Elikadura erdigunean. 2018-2019 ikasturtean jarri zen martxan Urduñako eskola-jantokiaren proiektu pilotua. Bide horretatik jarraitzeko, eskolan sukalde propioa izatea eskatzen dute, oraingoa eskola ondoan dagoen zaharren etxean dagoelako. 
  • HERRIA: Urduñako hiritarrek orain 30 urte herri-eskola sortu zuten, publikoa izango zen eskola batek soilik bermatu zezakeela belaunaldi berrien euskalduntzea iritzita.
  • ESKOLA: Sistema publikoaren aldeko instituzioen apustu irmoaren beharra dute beharrei erantzungo dieten baliabide eta zerbitzuak eskaintzeko: azpiegitura egokiak, haurreskolerako ordutegi zabal eta malguak…

Xabat Agirrek egin du diseinua kontzeptu horietan oinarrituta:

  • Lurra zuhaitz baten bidez irudikatzen da
  • Herria, arrosa koloreko etxe baten bidez
  • Eskola, liburuxka hori baten bidez
  • Jangelak, sagar baten bidez
  • Esfera batean barnebiltzen dira irudiak, lurra, mendiak eta zerua irudikatzen duten formekin batera

Guneak

2025eko Jaiak lau gune eta ohiko gune ibiltaria izango ditu. Jaiaren gune izango dira Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta eskola.
Honako ekintzak egongo dira:

  • Txikien eta gazteen gunea: puzgarriak, tailerrak…
  • Gernika plaza: bazkari gunea
  • Kale animazioa: musika, kalejira, kale antzerkia…
  • Foru plaza: “Pirritx, Porrotx eta Marimotots”, tailerrak…


Urduña Herri Eskola

Haurraren mugimendu autonomoa eta esperimentazioa du oinarri eskolak eta eremuka lan egiten du. Gainera, eskola espazio berri naturalizatu batean kokatzen da, ekosisteman murgilduta dagoena. Honako hauek dira ardatzak:

  1. Euskara: eskolako ardatz nagusia da eta familien partaidetza ezinbestekotzat jotzen dute aurrera egiteko.
  2. Espazioen birnaturalizazioa: naturarekin kontaktua berreskuratzea, ibilbide pedagogikoak, jolas tokia, ikastokia…
  3. Denboren naturalizazioa: ikasleen garapenarekiko errespetuzko begirada (mugimendu autonomoa), hezkuntza proiektu berritua (ordutegiak malgutu, proiektuak lehenetsi, ikuspuntu ekosiziala…) eta Agenda 30
  4. Plan digitala: planaren oinarriak hezkuntz aproiektu berrian integratua egotea eta teknologiaren erabilera arduratsua dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide