IKER SANTOCILDES

“Ikusten dugu ibilgailu gutxiago daudela jadanik Alde Zaharrean”

Aitor Aspuru Saez 2025ko urt. 8a, 08:00

Hirigintzan zein zinema arloan urte bizia izan da 2024a urduñarrentzat. / Aiaraldea.eus

IKER SANTOCILDESek gai oso anitzak landu behar izan ditu 2024an gertatutakoa laburbiltzeko, izan hirigintza zein zinema.

Urte hasieran Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) aldaketa egin zenuten, hutsik dauden orubeen gaineko presio fiskala handitzeko.

Egia esanda bi aldaketa egin behar izan ditugu, bat otsailean eta bestea azaroan. Alde batetik, otsailean presio fiskala igo genien hutsik dauden lursail eta orubeei. Arrazoia da Alde Zaharrean orube ugari daudela erabili gabe. OHZren igoera ez da pizgarri zuzena eraikitzeko, baina gogoratzen die jabeei hor dutela erabili gabe. Jaberen bat harremanetan jarri da jadanik Udalarekin guri saltzeko edo eraikitzeko asmoa iragartzeko. Helburua da etxebizitza berriak sortzea. Bigarren OHZren moldaketa azaroan izan da. Bizkaiko Foru Aldundiak katastro balioak eguneratu ditu eta horren ondorioz 90.000 euroko galera genuen diru bilketan. Ez dugu guztiz eguneratu, baina galera murriztu dugu erdira. Gure gain har dezakegu, uste dugu ez dela orain unea zerga gehiago igotzeko, hondakinen bilketa tasa ere igo behar izan baitugu Europako araudiaren ondorioz. 

Alde Zaharreko oinezkoentzako araudia onartu zenuten. Azalduko diguzu zertan aldatu den?

Oso pozik gaude horrekin. Ikusten dugu ibilgailu gutxiago daudela Alde Zaharrean. Horretarako arautu dugu bi kamera bidez eta Urduñako jendea ohitu da. Hala ere, pedagogia gehiago egin behar dugu jendea gutxiago sartzeko. Guretzat argi zegoen Alde Zaharra ezin dela igarobide bat izan. Erosketak egiteko baliatu daiteke, baina ez bide bat izango balitz bezala. Jendeak jadanik ez du Alde Zaharra zeharkatzen ibilbide laburragoak egiteko, baina San Migel auzoko sarrera ez erabiltzea da hurrengo erronka. Lehenesten dugu suhiltzaileen sarrera baliatzea. 

Argi dugu Alde Zaharra zaindu behar dela eta oinezkoentzako eremua bilakatuko dela etorkizunean, baina bide bat dagoenean sarrerako errotondatik Belatz Gorriraino.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreapausoa eman zenuten hiru eredu ezberdin eskainita. Nola doa prozesua?

Luze izaten ari da eta luzatuko da. Espero dugu laster Irizpide Objektiboen Plana eramatea udalbatzara eta horretarako iradokizun guztiak erantzutea. Horrekin hasierako onarpenetik gertuago egongo gara. 

Memoria historikoaren esparruan lanean jarraitu duzue.

Udalak lan zaila izan du hor, baina erabakiak ondo hartu ditugu. Prozesu garrantzitsua zen eta indusketa berrietan 20 edo 25 herritar gehiago agertuko direla uste dugu. 2014an hasi zen lehen fasea eta hau hirugarrena eta azkena izango da.

Udalaren eginkizuna izan da egungo zati hori libre uztea eta horretarako eremu horretan hilobiak zituzten familiekin hitz egitea, baimena emateko gorpuak lekuz aldatzeko. Oso ondo ulertu dute egoera eta ez da arazorik egon. 

Bide luzea falta da oraindik, espero dugu jende gehiago identifikatzea. Kanpaina gehiago egin behar dituzte DNA laginak jasotzeko Extremaduran zein Andaluzian.

Urduña zinema plato bilakatu da. Zer eragin dauka horrek herrian? 

El bus de la vida izan da garrantzitsuena eta 300.000 euroko ekarpena utzi du: ostatu hartu dute, jatetxeak, erosketak egin dituzte... Pozik gaude. Batzutan grabaketek buruko minak sortzen dituzte. Los Muertimerekin adibidez, Alde Zaharrean grabatu zituzten akzio pasarteak-, baina garrantzitsua da Urduñarako eta turismorako.

Aurten El bus de la vida estreinatu duzue publikoki. Errepikatuko duzue?

Ez dut uste. El bus de la vida Urduñan grabatu zen osorik eta Urduñako izena errespetatu dute. Hori oso garrantzitsua da. Hiru hilabetez egon ziren eta hemen egiten zuten bizitza. Horregatik egin genuen estreinaldia.

Aurtengo otxomaioetan eraso matxistak gertatu zirela salatu zenuten, baina erasotuak izan zirenen nahia jarraiki, ez zenuten mobilizaziorik egin. Nolako esku-hartzea egin zuen Udalak kasu hauetan?
Zoritxarrez otxomaioen bigarren astean jazo ziren eta gure lana izan zen biktimaren alboan egotea. Une horretan batek esan zuen behar zuela adieraztea eta horretarako musika eten eta mikrofonoa eman genion. Eurek eskatzen dutena egiteko gaude, euren nahia errespetatuta.

Belardi haragi eraldaketarako zentroa inauguratu da. Zein izan da Udalaren ekarpena eta nola baloratzen duzue?

Lorpen oso garrantzitsua da. 2004an hasi zen Elikaduraren Plan Estrategikoa eta 20 urte beranduago ikusten dugu udal sukaldearekin eta Belardirekin emaitzak etorri direla. Udalak lursailak laga ditu eta ahal izan duen neurrian lagundu du.

Proiektu aitzindaria da estatuan, oso potentea eta ondo joango da.

Uztailean Ana Maria Barañano Laburu alkate ohia hil zen, zerbait aipatu nahi duzu berari buruz?

Ana Mari emakume ikaragarria izan zen. Zorionekoa izan nintzen eta duela bi urte egin nion elkarrizketa. 1983an sartu zen alkatetzan. Urte horietan oso arraroa zen emakumezkoak politikan sartzea eta Ana Marik lau seme-alaba zituen. 

Berarekin izandako elkarrizketa baliagarria izan zen hautagai izateko. Eredu oso ona zen. Indar handikoa. Oso zaila zen garai horietan politikan egotea lehen lerroan emakume izanda: militarrei erosi zien aterpea eta kultura etxea eraiki. Esker hitzak baino ez ditut. 

Nola doa Alde Zaharreko harresia?

Abenduan irekitzea espero dugu eta urtarrilean inaugurazioa egitea Eusko Jaurlaritzarekin.

Klaratarren komentua eliza eta mojen arteko polemikaren ondorioz hustu da berriro. Udalak aurretik ahaleginak egin ditu komentua bizirauteko, nola baloratzen duzue egoera?

Eraikin pribatua da hori eta gu ez gara sartuko baloratzera han gertatzen dena, are gutxiago hedabideetan sortu den polemika.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide