Herritarrengana hurbildu eta hauek ahalduntzeko solasaldi zikloa abiatuko dute datorren astean Urduñako Kontsultategiko osasun-langileek. Hilabetean behin, osasunari lotutako gaien inguruan mintzatuko dira, Alondegian horretarako zabalduko duten elkarrizketa espazioan.
Ez dira hutsetik hasi. Aurretik ere egin izan dituzte horrelako saioak Urduñako osasun zentrotik sustatuta. Hala nola, bihotz-biriketako bizkortze ikastaroak eskaini dituzte baita eutanasiari eta aurretiazko borondateei buruzko solasaldi eta foroak ere. “Orain modu programatu eta jarraituagoan heldu nahi diogu dinamikari”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Jon San Miguel Urduñako medikuak. “Medikuntza familiarra eta Komunitarioa da gure espezialitatea, ezinbestekoa zaigu komunitatea ezagutzea eta harekin elkarlanean aritzea. Honek aukera eskaintzen digu patologiei eta arazoei aurre hartzeko”.
Galdetegia abiapuntu
Duela hilabete batzuk galdetegia egin zuten Urduñako Udalaren laguntzaz, herritarren artean osasun arloari lotutako interesa sortzen zuten gaiak identifikatzeko asmoz. Udalak ez ezik, Loraldia elkarteko kideek eta Urduñako Herri Ikastetxeko guraso elkarteak ere modu aktiboan parte hartu zuten. Izan ere, ez dute erretiratuentzako eskaintza sortu nahi, osasun zentroko erabiltzaile guztien mesedetara egongo den solasaldi zikloa baizik.
Galdetegiaren bidez intereseko gaiak ez ezik, solasaldien maiztasuna eta nolakotasuna zehaztu zuten ere. “Ez dira hitzaldiak. Ideia da herritarrekin kezkak eta esperientziak elkarbanatzea. 20-30 minutuko azalpen teoriko edo teknikoagoak, solasaldi eta mahainguruarekin uztartu nahi ditugu. Eztabaida modukoa sortu, gai desberdinei buruz hitz egiteko”, azpimarratu du San Miguelek.
Otsailaren 19an egingo dute lehen saioa, Alondegian. Insomnioaren gaia landuko dute bertan.
Lehenego saioak
Otsaila, martxoa eta apirila froga pilotua egiteko hilabeteak izango dira. Lehenengo hiru hilabete horietan ekimenaren harrera neurtu eta dinamika fintzen joango dira. Hiru gai landuko dituzte lehenengo saio horietan: insomnioa, aurretiazko borondateen dokumentua eta eutanasia, eta, azkenik, artrosia.
Hilabeteko hirugarren asteazkenetan egingo dituzte saioak, Urduñako Alondegiko areto nagusian. Gauzak horrela, otsailaren 19an izango da lehen solasaldia, martxoaren 19an bigarrena eta apirilaren 9an (Aste Santua medio) hirugarrena. Maiatzean geldialdia egingo dute Otxomaioekin ez kointziditzeko, eta uda sasoian berriz ekingo diote ohiko zikloari.
Kontsultorioko osasun-langileek propio dinamizatuko dituzte saioak. “Beharren arabera ere moldatuko gara. Adibidez, herritarrek bizkarreko minaren inguruko saio bat egin nahi badute, fisioterapeuta bat lotuko genuke. Guk ez dugu figura hori Urduñako Osasun zentroan, baina ahalko genuke kanpotik ekarri”, azaldu du San Miguelek.
Helburuak
Osasun gaiak kontsultegitik ateratzea dute helburu dinamika berri honekin, bai eta herritarrak ahalduntzea gai garrantzitsuen aurrean egin dezaketenaren inguruan. Osasun Zentroko baliabideak ahalik eta gehien optimizatzea da Urduñako osasun-langileen asmoa, eta kontsultegira datozen pazienteak informatuta mantentzea. Autozaintzetan sakontzea ere badute helburua, eta osasunari lotutako mitoak eta ideia faltsuak alboratzea ere bai.
Zubi lana
Solasaldi zikloak zubi lanak egingo ditu hiritarren eta Osasun Zentroaren artean. Azken urteetan langile askok erretiroa hartu eta kontsultegiko plantilla gaztetu egin da. “Gaur egun lanean gaudenak berriak gara ia gehienak, honek balio dezake guk hiria eta hiritarrak hobeto ezagutzeko. Ez dezatela pazienteek pentsa Osasun Zentroko lau hormetara mugatzen garela soilik”.
Zubi lan hori ez dute solasaldietara mugatu nahi soilik. Osasun gaiei lotutako interesa eta horiek lantzeko elkarlana hirian dauden osasun-arazoak identifikatzeko bide izatea nahi dute ere. “Adibide bat jartzearren. Bizkarreko minari buruzko saio batetik, atera daiteke hirian dauden oinezkoen pasabideetako lur irristakorraren gaineko kezka. Arazoa non dagoen identifikatu eta hori aldatzeko baliabideak jartzea ere osasuna da”.
“Komunitatea landuz gero, pazienteak gutxiago etorriko dira kontsultegira. Komunitatean elkarri laguntzea da gure langintza”
Honekin batera hiriko osasun aktiboen mapeoa egin nahi dute ere. “Jubilatuen etxea, parke bat, igerilekua… osasuna hobetzeko baliatu dezakegun azpiegitura oro da osasun aktiboa. Hirigunetik La Muerara dagoen bidea izan daiteke bat,adibidez. Komunitatearekin aktibo horiek ezagutu nahi ditugu, baita egon daitezkeen aktibo negatiboak identifikatu ere”, aldarrikatu du San Miguelek.
Funtsean komunitatea lantzea da Urduñako osasun-langileen asmoa eta nahia: “Komunitatea landuz gero, pazienteak gutxiago etorriko dira kontsultategira. Komunitatean elkarri laguntzea da gure langintza”.