Presentzia nabarmena izango du gizonezkoen Euskal Herriko Itzuliak (Itzulia Basque Country) aurten Aiaraldean. Izan ere, Urduñatik abiatuko da kirol probaren 5. etapa, azkenaurrekoa, apirilaren 11n.
Amurrioraino iritsiko dira txirrindulariak, eta Urduñara itzuliko dira gero, bertatik Gernikara abiatzeko, 172,4 kilometroko ibilbidea osatuta orotara.
"Bidetik, 4 mendate gainditu beharko dituzte, eta ibilbidearen azken zatiko zenbait eremutan, ongi kokatzen jakin beharko dute txirrindulariek, etapa lortu nahi badute", azaldu dute antolatzaileek, eta nabarmendu dute Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak parte hartu duela etaparen diseinuan.
Ez dute ibilbidearen gaineko xehetasun gehiago eman, baina, mapan ikusi daitekeenez, litekeena da etapak eskualdeko beste udalerri batzuk ere zeharkatzea:
Antolatzaileek nabarmendu dute honakoa izango dela Itzuliaren etapa bat Urduñatik abiatuko den lehen aldia. Izan ere, Itzuliaren 2021, 2022 zein 2023ko edizioek bisitatu zuten eskualdea; baina iazkoak, aldiz, ez.
"Etapa tranpak"
Gaur egin dute probaren aurkezpena. Apirilaren 7tik 12ra luzatuko da lasterketa, eta 870,2 kilometrokoa izango da guztira.
Antolatzaileek nabarmendu dute ibilbidea "oso irekia" dela eta balitekeela "lasterketaren egunera arte erabakita ez egotea".
Aurreratu dutenez, zenbait "etapa tranpa" daude, eta faboritoak "erne" ibili beharko dira eta "euren onena eman beharko dute". Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren proban parte hartuko duten txirrindulariak, baina ziurtatu dute "ikuskizun bikaina" egongo dela, "etortzen direnak etortzen direla".