Euskal Akuarelarien Elkarteak 46 egileren lanak biltzen dituen erakusketa eramango du Orduña Hiria Museora, hilaren 28tik aurrera. Inaugurazio ekitaldia ostiral honetan izango da, arratsaldeko 19:00tan, eta bertan egongo dira margolanen autoreetako batzuk.
Akuarelarien Elkarteak azaldu duenez, 46 egile horietatik 34 dira emakumeak, eta koadroek jorratzen dituzten gaiak askotarikoak dira: paisaiak, abstraktuak, marinak, erretratuak, sinbolistak, bodegoiak... Artisten estiloak ere ezberdinak dira haien artean.
Ekainaren 22ra bitartean egongo da erakusketa Museoan, eta elkarteko kideek aztarna utzi nahi dute hirian. "Urduñarren eta bisitatzen gaituzten guztien artean inpresio ona utziko duen obra sorta bat aurkezteko plazera dugu" azaldu dute prentsari zabaldutako oharrean.
Euskal Akuarelarien Elkarteak 80 urte
1945ean sortu zen Euskal Akuarelarien Elkartea, eta geroztik, aktiboan mantendu dira "akuarelari artearen munduan zalantzarik gabe merezi duen aitortza eta proiekzioa emateko".
250 bazkidek osatzen dute elkartea, eta hainbat ekintza egiten dituzte Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, hala nola erakusketak, tailerrak, eskola magistralak... Horretaz gain, estatuko zein nazioarteko topaketa eta jardunaldietan ere parte hartzen dute, eta Akuarelaren Europako Konfederazioaren parte dira.
Elkartearen helburuen artean dago belaunaldi berriei akuarelaren artearekiko pasioa piztea, eta teknika hori gerturatzea.