Urduñako Udalak badu onartuta aurtengo aurrekontua. 10.613.530,45 euro baliatuko ditu tokiko erakundeak aurten, udalaren eta bere menpeko sozietate publikoen plangintza ekonomikoak batuta.
Modu honetan banatuko dute dirua:
- 524.123,84 euro bideratuko dituzte ongizate sailera: 254.500 euro etxez etxeko laguntza zerbitzurako, 23.476 euro gizarte-larrialdietako laguntzetarako eta 23.796 euro bazterkeria egoeretan esku hartzeko zerbitzurako.
- 750.255 euro kultura, kirolak, gazteria, euskara eta hezkuntzara: 15.000 euro Koroatze Jaietarako, 25.000 euro Gabonetako jaietarako, 19.975 euro musika-bandaren zerbitzurako, 19.900 euro Hamaika Kale elkarterako, 13.500 euro auzoetako jaietarako eta 35.000 euro Udan Euskaraz zerbitzurako.
- 3.893.675,78 euro obra, zerbitzu eta hirigintza sailera: 95.921,33 euro parke linealeko hegoaldeko lotura eraikitzeko, 155.000 euro udal bulegoak birgaitzeko, 45.216 euro barrualdeak garbitzeko eta 175.000 euro eguneko zentro zaharreko lokala erosteko.
- 345.900 euro sustapen ekonomikora eta berdintasunera: 7.000 euro prestakuntza eta enplegu ekimenetarako, 28.500 euro turismoa sustatzeko eta 43.000 euro ostatuetan hobekuntzak egiteko.
- 2.863.787,03 euro ogasunera eta barne araubidera: 105.166 euro udalaren kontsumo elektrikorako, 16.000 euro posta gastuetarako eta 3.300 euro komunikazio eta telefonoetarako.
- 98.656 euro ingurumenenera, memoria historikora eta ondarera: 14.000 euro bideratuko dira memoria historikoa sustatzeko jardueretara eta ingurumenera eta ondarera bideratuko da gainontzekoa.
Inbertsioak
Udalak nabarmendu duenez, eguneko zentro zaharreko lokala erostea izango da aurtengo inbertsio esanguratsuenetako bat, 175.000 euro baliatuko baitituzte horretarako. Gainera, 42.000 euro bideratu nahi dituzte udal instalazioak mantentzera, eta beste 246.500 euro hiriko bideak garbitzera. Eskola Publikora, aldiz, 123.000 euro bideratuko dira, eta beste 93.000 euro baliatuko dituzte hiriko gizarte-etxea kudeatzeko eta koordinatzeko.
EH Bilduren abstentzioa
Ezohiko Udal Osoko Bilkurara eraman zuten aurrekontu proposamena, eta EAJren aldeko botoekin atera zen aurrera. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen bozketan. Oposizioko taldeko kideek aipatu dute aukera izan dutela eurek eginiko hainbat proposamen negoziatu eta aurrekontuetan txertatzeko; baina, era berean, aipatu dute plangintzak ez diola erantzuten udalerriak dituen erronkei.
Oposizioko taldearen hitzetan, diru gutxi da Udalak aurten inbertsioetara bideratuko duena, eta finantzatuko diren proiektuetako batzuk aurreko legealditik martxan daudenak direla. Era berean, alderdi subiranistako kideek faltan bota dituzte etxebizitzara, aldaketa klimatikora edota Lanbide Heziketaren eraikinera bideratutako partidak, eta uste dute beste esparru batzuetara diru gehiago bideratu beharko litzatekeela, gazteriara edota merkataritzara kasu.
Era berean, ez daude ados Itzulia hirira ekartzera bideratutako diruarekin, ezta eguneko zentro zaharreko lokalaren erosketarekin ere ez, higiezin hori Kutxabankena delako eta "Udalak erosiko ez balu ez luketelako inoiz saltzerik izango".