Playmobil jostailuen munduan murgildu da Orduña Hiria Museoa. Erakusketa berria inauguratu zuten iragan apirilaren 11n, Euskoplay elkartearen eskutik. Alemaniako jostailu ezagunak ardatz, Urduñari lotutako hainbat diorama muntatu eta ikusgai jarri dituzte museoko erakusketa aretoan.
Diorama nagusiak, gainera, eskualdeko sinadura darama. Unax Fernandez laudioar gazteak Erdi Aroko Urduña islatzen duen Playmobil maketa erraldoia prestatu du. Foru Plaza, Familia Sakratuaren eliza eta Aduana eraiki ditu, hiriari omenaldia eskaintzeko.
Baina hori ez da Urduñari erreferentzia egiten dion diorama bakarra. Landetako Gaineko dolmenak, Txarlazo mendia edota Nerbioi Ur Jauzia ere ekarri dituzte Playmobil panpinen eskalara.
Harrera hobezina
Orduña Hiria Museoko kideak oso pozik agertu dira erakusketak izan duen harrerarekin. "Beharrezkoa genuen haurrak erakartzeko zerbait antolatzea, eta Playmobil erakusketarekin bete-betean asmatu dugu", aitortu dio Josu Llano museoko kideak Aiaraldea Komunikabideari. Bere hitzetan, "haurrak gogotsu etortzen dira erakusketara, eta asko ari dira disfrutatzen".
Urtebete baino gehiago eman dute museoko kideek erakusketaren atzetik. Euskoplay elkarteko kideek hainbat bisita egin dituzte azken hilabeteetan hirira, bozetoak egin eta maketak sortzeko ideien bila. Lan horretan bidelagun izan dituzte Orduña Hiria Museoko boluntarioak.
Ekainaren 29ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Llanoren iritziz, sasoi "paregabea" da publiko gazteena museora bertaratzeko, udaberriko zein udako oporrak baliatuta.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Orduña Hiria Museoa