Renfeko garraio enpresa publikoak Gau Jaia zerbitzua berrezarriko du Urduñako jaietan, nahiz eta horrela ez duen izendatu. Zehazki, maiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n erabilgarri egongo da.
Berez, Abandotik 01:35ean aterako da tren bat eta Urduñara helduko da 02:24an, Aretan, Laudion, Luiaondon eta Amurrion geldituta. Urduñara joateko beste aukera 03:05ean egongo da, Laudiotik abiatuko da eta Luiaondon eta Amurrion geltokiak izango ditu.
Jai nahikoa izan dutenek hiru zerbitzu izango dituzte eskura etxera itzultzeko. 00:35ean Urduñatik aterako dena Amurrion, Luiaondon, Laudion eta Aretan geldituko da, eta Abandoraino helduko da.
02:35ean abiatuko dena, ordea, Amurrio, Luiaondo eta Laudioraino baino ez da iritsiko. Azkenik, 03:35ean abiatuko dena Amurrion, Luiaondon, Laudion eta Aretan jaisteko aukera eskainiko du.