CD Orduñako kluba denboraldi bikaina egiten ari da, harrobian bereziki. Hain zuzen, bere hiru taldek txapelketa irabazi dute kategoria ezberdinetan. Emakumezkoek ez zuten lortu kategoria igotzea, baina Bizkaiko Kopa irabazi zuten.
2016ko benjamin taldea, denboraldi honetan lehenengo aldiz lehiatu dena, onena izan da bere kategorian eta lehenengoa amaitu du hamalau partida irabazi, bat berdindu eta bi galdu ondoren. Horrez gain, 2011ko haur taldeak ere sailkapenaren buruan bukatu zuen. Horretarako, hamalau norgehiagokan gailendu zen eta bakarra galdu zuen. Klubaren aburuz, guztien egin dute denboraldia aparta.
Emakumezkoen kasuan, neska oso gazteen eta beteranoen nahasketak emaitza bikainak ekarri ditu. Gainera, azpimarratzekoa da 2016ko benjaminetan lehenengo aldiz lehiatu direla.
Gainerako taldeek ez dute batere txarto egin. Esaterako, 2015eko benjaminak hirugarren sailkatu dira, txapeldunetik lau puntura. 2014ko kimuak bosgarren doaz txapelketan, oraindik bi jardunaldi falta direnean, eta klubeko arduradunek uste dute oso poztekoa dela lan hori, kategoria hobe batean jokatzen baitute eta exijentzia maila handiagoa baita.
Harrobiko taldeek lorpen esanguratsuak lortu dituzte denboraldi honetan. Emakumeen taldeak, aldiz, Bizkaiko Kopa ekarri du hirira.
2013ko kimuek ere ahalegin aparta egin dute eta bigarren geratu dira, txapeldunarekin berdinduta. Golen bataz bestekoak soilik eragotzi die onenak izatea.
2012ko haur taldea lehenengo aldiz lehiatu da futbol zelai handian eta hala ere laugarren izan dira.
Futbol federatuaren esparruan, kadeteek seigarren postuan itxi dute txapelketa eta gazteek bosgarrenean. Klubaren iritziz, gazteen kategorian indarra falta izan da bigarren itzulian. Izan ere, lehen itzuliko onenak izan ziren, baina bigarrenean puntu asko galdu zituzten eta igoerako kanporaketatik at geratu dira.
Lehen taldea, hil ala biziko norgehiagoka larunbatean
Bestalde, CD Orduñako lehen taldeak hitzordu izugarri garrantzitsua izango du larunbatean 17:30ean Lurraldeko Bigarren Mailari eusteko.
Mungia B izango da Arbieto bisitatuko duen taldea. Mungiarrek bi puntu gutxiago dituzte eta jaitsiera postuetatik oso hurbil daude. Abantaila, printzipioz, urduñarrena da, baina matematikoki, ez badute punturik lortzen azken bi jardunaldietan, egungo kategoria gal dezakete.
Arbietoko taldeak aurreko hiru partidak irabazi ditu eta espero du bolada positibo horrekin jarraitzea. Garaipen bat maila mantentzeko urrats erabakigarria litzateke.