Suhiltzaileek Kale Barriko bi familia eraman behar izan dituzte gaur gauean, Alde Zaharreko eraikin bat erortzear dagoelako. Gutxienez, gaur kanpoan egin beharko dute lo urduñarrek. Ondoko etxebizitzetan ez dago kalterik, baina prebentzio neurriak hartu dituzte, bada ez bada.
Udalak jakinarazi duenez, etxebizitza egoera prekarioan dago, baina jaustekotan barrura egingo luke. Edonola ere, gaur zarata handia entzun eta gero eraikin zati bat (ez oso handia, udal iturrien arabera) jausi delako, larrialdi zerbitzuek aldamenean bizi diren bi familia ebakuatu dituzte.
Jadanik tokia hesitu dute eta herritarrek kalea zeharkatu dezakete.
Udala lanean aurretik
Gertakariak ez du ezustekoan harrapatu Urduñako Udala. Hain zuzen, alkatea eta arkitektoa atzo bertan egon ziren eraikina ikuskatzen eta jabeei eraisteko agindua helarazi zien tokiko erakundeak.