Gaur jakinarazi dute ekainaren 1ean egingo den Euskal Eskola Publikoaren egitarau osoa. 150 boluntarioren laguntza izango dute Urduñako festa aurrera ateratzeko eta lau gune hartuko dituzte Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Federazioko kideek.
11:00etan izango da hasierako ekitaldia eskolan bertan eta gero lau gunetan barreiatuko da eskaintza.
Lehen Gunean, hau da, Herri Eskolan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek erakarriko dute jendetza 12:00etan, Ostirala iritsi da! antzezlanarekin. 15:30ean Gora Bihotzak! Azken Taupadak ikuskizuna egongo da eta 16:45ean Hodei Magoa. Horrez gain, ikastetxean tailerrak eta jolas kooperatiboak eskainiko dituzte.
Bigarren Gunea Foru plazan kokatuko dute. 13:30ean Go!azen saioko kideak igoko dira oholtzara, abestera. 16:15ean Itziar Ituñoren taldeak hartuko du lekukoa, Ingot bandak, hain zuzen, eta 18:30ean Gozategiren txanda izango da. Espazio berean Makusi Gunea, Jokai Euskal Mitologia Jolasak, Giza Futbolina Athleticen Fundazioaren bitartez eta Diwoen bila ginkana ere egongo dira.
Gernika Plazan prestatuko dute Hirugarren Gunea, eta herri bazkarira bideratuko dute gehienbat. Urduñako tokiko elikadura-estrategia agroekologikoarekin bat etorriz, bertako elikagaiek protagonismoa izango dute ospakizunean, Hazi, ENEEK-Ekolurra eta Ekoizpen Urduñaren elkarlanari esker. Hala, tokiko elikagai ekologikoekin prestatutako platerak eskainiko dira.
Zehazki, paella barazkiduna edota haragiduna (8€), tokiko barazki ekologikoekin egindako parrilada (3€) eta eskualdeko ogia eta Urduñako Bedarbide abeltzainen elkarteko txahal ekologikoarekin egindako hanburgesak (2,5€) jateko aukera emango dute.
Bolatokia izango da Laugarren Gunea eta han egongo dira puzgarriak, perkusio tailerra eta skate parkea.
Ekintza ibiltariak ez dira faltako kaleetan zehar: Reperkusion feminista, kantuz kantu Otxotea, Getxa Goi txistu taldea, Txarlazopeko musikariak eta Urduñako buruhandiak. Horrez gain, salmenta postuak prestatuko dituzte kale nagusian.
Aurreko egunean, maiatzaren 31n, hiru ekintza deituko dituzte Foru Plazan: 11:00etan mendi ibilaldia Txarlazo mendi taldearekin, 13:00etan dantza plaza Erauntsi dantza taldearekin eta 21:00etan Enbata Loraderen kontzertua.