'Azalera' podcasta

Urduñako Emakumeen Etxea jarri nahi du Udalak Gernika plazako lokalean

Txabi Alvarado Bañares 2025eko maiatzaren 23a

175.000 euro baliatuko ditu tokiko erakundeak eguneko zentro zaharreko lokala eskuratzeko. 

Emakumeen Etxea instalatu nahi du Urduñako Udalak Gernika plazan erosi nahi duen lokalean, "epe laburrean". Hala aurreratu du Uxue Mendibil zinegotziak Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean eskainitako elkarrizketan. 

Hain zuzen, eguneko zentro zaharraren kokalekua izan zen espazio hori eskuratzea izango da tokiko erakundeak aurten egingo duen inbertsio esanguratsuenetako bat, 175.000 euro baliatuko baitituzte orotara. 

Mendibilen hitzetan, gune hori "oso egokia da" zeregin horretarako, Gernika plazan kokatua dagoelako eta "jendea gertu izateko aukera" ematen duelako horrek. "Espazio aldetik oso zabala da, eta hitzaldiak, aholkularitza tailerra eta abar egiteko aukera ematen du", azaldu du zinegotziak. 

Dena den, udal ordezkariak gaineratu du bertan emakumeen etxea kokatzea "epe laburrerako ideia" dela. "Epe luzerako dugun helburua bada berdintasuna, gizarte-kohesioa edo gizarte politikak bezalako Udaleko arloen bulegoak ere bertan jartzea, irisgarritasunaren aldetik oso aukera egokia delako eta lekua primerakoa delako". 

Opozisioko taldea (EH Bildu) ez dago ados lokalaren erosketarekin, eta hori izan zen aurrekontuen bozketan abstenitzeko baliatu zuen arrazoietako bat. Talde subiranistak bere unean azaldu zuenez, lokal hori Kutxabankena da eta "Udalak erosiko ez balu ez luke inoiz saltzerik izango".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide