Urduñari buruzko Playmobilekin egindako dioramagaitik ezagutzen zaitugu. Noiz hasi zen zure Playmobilekiko afizioa?
Nire lehenengo Playmobilak nire arreba jaio zenean jaso nituen. Ospitalean geundela nire gurasoek bi Playmobil figura oparitu zizkidaten, hogei egun falta zitzaizkidan hiru urte betetzeko. Ordutik beti oparitu egin didate Playmobil figura edo set-en bat: gabonetan, urtebetetze egunean… Horrela joan nintzen nire bilduma handitzen eta afizioan sakontzen.
2022an Bilbon antolatutako EuskoPlay elkartearen erakusketa batera hurbildu nintzen. Elkarteko zenbait kide ezagutu nituen bertan, eta haiengana batzea erabaki nuen.
Orduña Hiria Museoan aurkeztutako hau da EuskoPlay elkartearekin egiten duzun lehenengo erakusketa.
Bai, hau da EuskoPlay elkartearekin egiten dudan lehenengo diorama. Aurretik Burgoseko nire herrian ere egin izan dut erakusketa bat. Sasamon da nire herria, eta abuztu amaieran erromatarren eta turmodigoen jaia ospatzen da. Turmodigoak duela mendeak Burgos inguruan bizi zen tribua ziren. Festa horretan birsorkuntza historiko bat egiten da.
Lagun batek eta nik erromatarren garaiko pasarte historiko hori Playmobilekin islatu nahi izan genuen. Erakusketak egundoko arrakasta izan zuen herrian. Tokiko hedabideetan ere izan zuen oihartzuna.

Zer egiten du zehazki EuskoPlay elkarteak?
Playmobilen zaletasuna konpartitzen dugun pertsona taldea gara. Nagusiki dioramak muntatu eta erakusketak egiten ditugu, baita kliken elkartrukeak ere.
Urte guzti hauetan nabarmen handituko zenuen zure Playmobil bilduma. Jakingo zenuke esaten zenbat pieza dituzun
Bilduma handia daukat bai, baina ez dakit esaten zenbat piezek osatzen duten orotara. Ez ditut inoiz zenbatu.
“Playmobilen zaletasuna konpartitzen dugun pertsona taldea gara eta dioramak muntatu eta erakusketak egiten ditugu”
Aurretik diorama gehiago muntatuko zenituen, etxean bada ere.
Bai. Ez dut inoiz hain maketa handirik sortu, etxean ez dut hainbesteko tokirik. Metro karratu bateko dioramak egin izan ditut orain arte. Horretarako Playmobil set desberdinetako piezak elkartzen eta nahasten ditut, gauza berriak sortzeko. Figura batzuk modifikatu egiten ditut, nik nahi dudan emaitza lortzeko. Batzuetan 3D inprimagailuarekin sortutako piezak baliatu ditut ere.
Dioramak egiteaz gain, ni oso mendizalea naiz. Mendira noan aldira Playmobil klik bat daramat nirekin, mendi tontorrean jarri eta argazki bat egiteko. Laudioko Ermualde ingurura baldin banoa, adibidez, Guda Zibileko gudari baten figura eramaten dut, lubakietan erretratatzeko.
Nola animatu zinen Urduñako erakusketa honetan parte hartzera?
EuskoPlay elkarteko kideak 2024ko ekainean jarri ziren nirekin harremanetan Urduñan erakusketa bat egingo zutela esateko. Etxe alboan izanik, parte hartzera animatu nintzen. Hasieran ez nuen buruan zeri buruzko maketa sortu, baina nire diorama erakusketako diorama nagusia izan behar zuela esan zidatenean okurritu zitzaidan Urduñari buruzko diorama egitea. Argi nuena zen Erdi Aroarekin erlazionatutako zerbait egin nahi nuela.

Zeintzuk dira diorama osatzen duten elementu nagusiak?
Zortzi metro karratuko maketa da. Bi espazio desberdin bereiztu ditut: hiria eta landa-eremua. Bi eraikin nagusi ditu dioramak. Alde batetik, Bihotz Sakratuaren eliza, eta, bestetik, aduana edo bainuetxea. Eraikin hauen inguruan Erdi Aroko hainbat etxe kokatu ditut, eta etxeetako arkupeetan garaiko ofizio desberdinak daude irudikatuta.
Landa-eremuan, aldiz, nekazaritza eta abeltzaintza irudikatu ditut, Urduñan oso garrantzitsuak diren bi jarduera, hain zuzen ere. Hiriari keinu egiteko 3D inprimagailu batekin sorturiko Txarlazoko ama birjinaren figura gehitu dut ere.
Imajinatzen dut set ugaritako piezak elkartu behar izan dituzula hau guztia sortzeko.
Ez dago Playmobilek ekoiztutako set hain handirik. Etxe eta gaztelu desberdinetako piezak elkartu ditu.
Zenbat denbora behar izan duzu diorama hau sortzeko?
Iazko urrian hasi nintzen ideia pentsatzen. Diorama desberdinak arakatu nituen inspirazio bila, baina ez nuen topatu konbentzitzen ninduen ezer. Muntaketa guztia, apirilean egin nuen, hemen bertan. Lau eguneko lana izan zen. EuskoPlay elkarteko gainerako kideekin batera aritu nintzen lanean. Oso lan giro atsegina sortzen da, lagunartekoa. Nire lehenengo diorama zenez asko lagundu ninduten muntatzerako orduan aholku eta planteamendu desberdinekin. Esaterako, nik landa-eremuarentzako zoru lau bat prestatuko nuen, baina harearekin maketa “zikintzeko” gomendioa eman zidaten, eta emaitza askoz naturalagoa da.
Sartu duzu elementu bitxirik dioraman?
Bai figura berezi bat sartu nuen, baina ezin dizuet esan, ikusleak topatu behar du.
Zer deritzozu gainerako dioramez?
Ikusgarriak dira, maila oso altua dago.
Playmobilak boladan daudela uste duzu?
Jostailu enpresa gainbeheran dago. Azken urtean langileen % 13 kaleratu ditu, eta set-ak aldatu egin ditu. LEGOren politika imitatzen saiatu da, pelikula edo frankizia handien set-ak ekoizten ditu soilik, eta set klasiko ugari egiteari utzi dio. Bildumazaleak pixkat izorratu gaitu horrek.
