Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Noan tokira noala, Urduña beti egongo da nire musikan, nire letretan eta nire bizitzan”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko ekainaren 23a

Etapa bat itxi du Lozak lan berri honekin. / Aiaraldea.eus

JOSU LOZANOk (Urduña, 1999) urte ugari daramatza rap-a egiten Loza izen artistikoarekin. Shinobi izeneko epa plazaratu du formatu fiskoan, bere ibilbideko etapa bat ixteko. 

Urte ugari daramatzazu jada musikagintzan murgilduta. Nolakoa izan da bidea disko honetara iritsi arte? Zer dela eta erabaki duzu orain formatu fisikora salto egitea?

Iaz etapa aldaketa izan nuen nire bizitzan. Hausnarketarako tartea izan zen, eta hori jaso nahi nuen abesti bat baino zeozer handiagoan. Forma eman nion eta horrela atera nuen bost abestiko EP hau. Ez da disko luze bat, baina uste dut nahiko ondo islatzen duela zer izan den niretzat etapa aldaketa hori.

Zertan islatzen da etapa aldaketa hori artistikoki?

Ez da horrenbeste nabaritzen alde artistikoan. Uste dut rapa egiteko ere nabaritzen dela, baina aldaketa pertsonalagoa izan da, nire musikan ere islatu dudana. Kontsumitzen zuen pertsona bat nintzen, eta iaz une pertsonal gogorra izan nuen eta erabaki nuen terapian sartu eta alkohola zein drogak uztea. Hobekuntza pertsonala izan dut, eta hori nire musikan ere islatu nahi nuen, puntu eta aparte bat irudikatuz.

Eta zertan nabarituko da hori hemendik aurrera egingo duzun musikan?

Idazteko moduan ere uste dut izango duela isla. Lehen, adibidez, egunero erretzen nuen, eta kontsumitzeari uzten diozunean ez duzu horrenbeste jotzen horri buruzko esaldietara ezta kolokatuta egoteari buruz mintzatzera. Uste dut orain bestelako gai batzuk jorratu nahi ditudala, lehen egiten nuen rapera mugatu gabe. Autotunearekin jokatzen ere nabil atera dugun abestietakoren batean… nire burua proban jarri nahi dut hainbat esparrutan.

Zure bizitzan izan duzun aldaketan pisu handia izan du musikak?

Bai, nire bizitzako etapa guztietan izan du presentzia musikak, txikitatik baliatu dut ihesbide moduan. Idazten eta abesten sentitzen nuen ni neu nintzela.

Eta Urduñakoak izateak badu pisurik zure musikan?

Niretzat handia. Oso harro nago Urduñakoa izateaz, bertako jendearekin dudan gertutasunaz, nire lagunekin dudan familia sentimenduaz… Noan tokira noala, Urduña beti egongo da nire musikan, nire letretan eta nire bizitzan.

Urduñak badu isla zure musikan orduan.

Baietz uste dut. Nik hemen inguruan grabatzen dut, letra batzuetan esaten dut nongoa naizen... Gernika plaza aipatzen dut, adibidez. Bestetik, hemen inguruan ez dago rap askorik, eta zaila da beste toki batzuetan bezainbesteko ikusgarritasuna izatea.

Nola ikusten duzu eskualdeko rap eszena?

Uste dut nahiko urrun gaudela. Saiatzen ari gara Urduña, Amurrio eta Laudioren arteko konexioak egiten, baina ez gara hortik harago iristen. Kostatzen zaigu hemendik irtetea eta uste dut ez dagoela behar besteko laguntzarik. Saiatzen ari gara gure ikuskera eskaintzen eta gauzak ahalik eta modu profesionalenean egiten. Hori da nahi duguna, gure musika kanpoko jendearen belarrietara iristen denean ikusi dezatela soinu, ikus-entzunezko zein zuzeneko onak ditugula.

Streetlight kolektiboko kideekin eskaini dituzu kontzertu gehienak orain arte. Horrela jarraitzeko asmoa duzu? Garrantzitsua da musika modu kolektibo horretan egitea?

Une honetan askoz erosoago nago taldean lan egiten, batez ere nik ez ditudalako nire abestiak ekoiztu ezta nahasten, letrak idatzi eta abestera mugatzen naiz. Taldea eta lokala izateak gauzak errazten ditu zentzu horretan. Unai da abestiak nahasteaz arduratzen dena. Kanpoko jendeari kobratu egiten dio, baina guri ez, estudioaren barruan gaudelako.

Hori askoz erosoagoa da niretzat. Ez naiz Bilboraino mugitu behar ekoizle batekin hitz egin eta bikoitza ordaintzeko. Etxetik hurbil grabatzen dut, eroso, lagun batekin.

Sormen prozesuan ere laguntzen du kolektiboan lan egiteak?

Gure artean lagundu gaitezke, ikuskerak partekatu. Unairen musika estiloa, adibidez, oso ezberdina da nik dudanarekiko. Beraz, beste musika mota batzuk probatu nahi ditudanean berak laguntzen nau. Elkarri laguntzen diogu; eta, musika estilo ezberdinak jorratzen ditugunez, horrek aukera ematen digu gure konfort eremutik ateratzeko sortzerako orduan.

Aipatu duzu idazten eta abesten duzula eta oinarri instrumentalak beste pertsona batzuek konposatzen dituztela. Nolakoa da zure sormen prozesua?

Normalean  egiten dudana da oinarri instrumental bat topatzea. Internet bidez eskuratzen ditut normalean, baina disko honetakoak Leioako gazte batek eginikoak dira, Mixino izenekoa. Behin oinarria izanda, musika horrek eskatzen didanaren arabera noa idazten. Orain estilo melodikoago bat probatzen ari naiz, autotunearekin. Horretarako, idazteko modu berria garatzen nabil, orain arte inoiz egin ez dudana. Oinarri instrumentala jarri eta melodia osatzen dut horren gainean, erritmo bat hartu eta horri egokitutako letra bat idazteko. Orain arte egin izan dudana errimak idaztea da, erritmoan pentsatu gabe, baina orain beste modu hau garatzen saiatzen ari naiz.

Zer gai jorratzen zabiltza zure letra berrietan?

Uneak eskatzen didanaren araberakoa da, baina uste dut beti sartzen dudala nire ukitu pertsonala, nire begirada. Nahiko pertsona sentibera naiz eta uste  dut letretan islatzen dudala. Letra bat idazten negar egiten badut, seguru asko horixe bera aipatuko dut letran. Nire istorioak kontatzen ditut, zer eta nola bizi izan dudan. Une honetan, bizi izan dudan aldaketa hori jorratzen ari naiz, atzera egin nahi ez dudala nabarmenduta. Egia da orain kostatzen ari zaidala gai horretatik ateratzea eta aurrera begira jartzea, baina etapak dira, azken finean, eta uste dut denborarekin aldatuko dudala.

Ezberdintasun asko dago Josu Lozano eta Lozaren artean?

Ez, une honetan esango nuke ez dagoela ezberdintasunik. Lehen agian izan nintekeen harroagoa, baina orain pertsona bera naiz. Egia da ere oholtza batera abestera igotzen naizenean ez naizela ni, ez dut lotsarik. Kaletik noanean, aldiz, introspektiboagoa naiz, gehiago kostatzen zait sozializatzea. Badago ezberdintasun hori.

Bideoklipek ere pisu handia dute zure sorkuntzan, ez?

Gustatzen zait horri garrantzia ematea, baina uste dut azkenaldian bideoklipek ez dutela horrenbesteko arretarik jasotzen. Musika gehien entzuten duen jendeak Spotifyn egiten du, errazagoa delako, eta bertan ez dute bideoa ikusten. Guk bai eman diogula garrantzia, gustatzen zaigulako eta aurkezpen gutun bezala balio dutelako. Entzuleari bideoa gustatzen bazaio, errazagoa da gero kanta entzuten jarraitzea. Ni une honetan bi esparruak jorratzen ari naiz: EPko bost abestiek dute bideoklipa.

Aipatu duzunez, argitaratu duzun lan hau trantsizio bat bezala irudikatu duzu. Nora eramango zait etapa berriak?

Banago abesti berriak egiten, baina banaka plazaratzeko asmoarekin. Hori da epe laburrera begira dudan asmoa. Epe luzera, aldiz, zeozer luzeagoa egitea dut buruan, maketa bat, adibidez. Saunzekin ere hitz egin dut elkarrekin maketa bat egiteko. Niños De Plazoleta taldea dut berarekin, eta gustatuko litzaiguke elkarrekin disko bat egitea, harreman hori berreskuratzeko.
Dena dela, ez nabil nire burua idaztera derrigortzen ari, lasaiago nago. Etorri behar dena etorri dadila.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide