EH Bilduren zinegotzi izateari utzi dio Juanjo Sanz Perezek. Talde horretako kideek azaldu dutenez, 47 urteko ibilbidea egin du Sanzek Urduñako Udalean, "eta, 70 urte bete berritan, pauso bat albora egiteko garaia dela erabaki du".
Hainbat gai jorratu ditu zinegotzi ohiak urte hauetan zehar: Larruazabalgo batzaren erregulazioa, ondare zein memoria historikoaren berreskurapena, euskara, kultura... "Konstantzia, nekaezintasuna eta ekiteko gogoa, horiek dira ondoen definitzen zaituzten baloreak", goraipatu dute talde subiranistako kideek, "hemendik aurrera ere, badakigu zure laguntza, babesa eta irakaspenak jasotzeko aukera izango dugula".
Aurreratu dutenez, Karrak hartuko du Sanzen lekukoa zinegotzi gisa.