Atzo inauguratu zuten Orduña Hiria Museoan Mauro Saravia argazkilariaren Lupi Belarra erakusketa. Aranzadi elkarteak Urduñako hilerrian egindako desobiraketa-prozesuak islatzen dituzte argazkiek, bai eta senideek gorpuzkiak berreskuratu zituzten uneak ere.
Urduñako hilerriko indusketez gain, Euskal Herriko beste txoko batzuetako antzeko prozesuak erakusten dituzte argazkiek. Hilotzekin batera topatutako objektuak (eraztunak, botoiak, dominak...) ikusgai daude baita ere. Abuztuaren 31ra arte egongo da erakusketa museoan.
Inaugurazio jendetsua
Ostiral arratsaldean eginiko inaugurazioan jendez bete zen museoko erakusketa gela. Bertan egon zen Mauro Saravia argazkilari txiletarra, eta bere lanari buruz gehiago jakiteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hiriko alkate Iker Santocildesek ere hitza hartu zuen aurkezpenean, eta Burbuilak taldearen hiru abesti zuzenean entzuteko parada ere egon zen. Besteak beste, Urduñako hilerrian dauden gorputzei zein espetxe frankistan eraildakoei egindako kanta abestu zuten, giro hunkigarrian.
Mauro Saravia: futbol jokalarietatik memoria historikora
Txilen jaioa da Mauro Saravia, erakusketaren autorea, nahiz eta Bilbon bizi den 2014az geroztik. Bertan, kazetaria, argazkilaria eta irakaslea da Bilboko Argazkigintza Garaikidearen zentroan.
Fotokazetaritzan abiatu zuen bere ibilbidea, kirol ekitaldietan zentratuta gehien bat. Bere jaioterriko futbolari profesionalen bizitzei atzera begirada bat ematean erabaki zuen argazkilaritza dokumentalera salto egitea.
Egun, memoria historikoa dokumentatzean datza nagusiki bere lana, eta estatu osoko desobiratzeak jaso ditu argazkitan, urte luzetan zehar.