Urduñako EH Bilduk oharra zabaldu du gogor kritikatzeko EAJren udal gobernu taldearen jarduera. Hala salatu du koalizioak: "Bi urte igaro dira eta ikusten ari gara Udal Gobernua ez dela gai aurre egiteko egunerokotasunean sortzen diren arazoei. Gobernatzea ez da plantak egiteko kontu bat, gobernatzeak suposatzen du orduak sartzea eta inplikatzea herriarekin, eta hori ez dugu nabaritzen gaur egun gobernatzen dagoen taldean".
Zehazki, EH Bilduk adierazi du kezkatuta dagoela hiriaren egoeragatik eta zenbait arazo aipatu ditu: "Lapurretak eta segurtasun ezaren sentsazioa, ur zikina igerilekuetan, kaleen garbitasun falta, erabat hondatutako eraikinak eraitsi gabe, paralisia proiektuen aurrean eta abar".
Koalizioak aldarrikatu du egoerak "argazkietan agertzetik" haragoko neurriak exijitzen dituela eta horregatik jeltzaleen udal gobernu taldeari eskatu dio ahalegina, inplikazioa eta kudeaketa eraginkor eta arduratsua.